argia.eus
INPRIMATU
Ukrainak AEBen 30 eguneko su-eten proposamena onartu du
  • Saudi Arabian elkartu dira AEBetako eta Ukrainako ordezkariak, eta zortzi ordu iraun duten negoziazioek fruitua eman dute. Etxe Zuriak Ukrainarentzako laguntza militarra berrabiaraztea erabaki du. 

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 12a
Ukrainako ordezkariak Saudi Arabian. Saul Loeb / Reuters

Azken asteetako gertakariek bien arteko tentsioa areagotu badute ere, hasi dira norabide berean arraunean Washington eta Kiev. Bi herrialdeetako ordezkariak Saudi Arabiako Jidda hirian bildu dira asteartean, tartean Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria eta Ukrainako Atzerri ministro Andrii Yermak, eta zortzi ordu iraun duten elkarrizketen ondoren akordio bat erdietsi dute: Trumpen administrazioak proposatutako 30 eguneko menia begi onez ikusi du Kievek, Volodimir Zelenski presidenteak ohar batean iragarri duenez.

Bi estatuetako gobernuek komunikatu bateratu bat kaleratu dute behin bilera amaituta, eta Ukrainan "bake iraunkorra" berrezartzeko "urrats garrantzitsuak" egin dituztela adierazi dute. "Pilota Errusiaren teilatuan dago", esan du Rubiok, AEBek meniaren proposamena egingo baitiote Putinen gobernuari orain. Moskuk su-etenari baiezkoa ematea espero du AEBetako estatu idazkariak: "[Menia proposamenari] baiezkoa emanez gero, urrats handia egingo dugu". 

Su-etena onartzeaz gain, AEBek iragarri dute Ukrainarentzako laguntza militarra berrabiaraziko dutela. Zelenskirekin Etxe Zurian ika-mika izan eta hiru egunera, martxoaren 3an, Kievera armak bidaltzea geldiaraziko zuela iragarri zuen Trumpen gobernuak, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bake akordio batera iristeko "presio metodo" gisa. 

Badirudi baretu dela bien arteko tentsioa, eta espero da AEBek Ukrainak dituen mineralak eta beste baliabide natural batzuk ustiatzeko elkarrizketei berriro ekingo dietela: otsailaren 28an Zelenskik Etxe Zurira egin zuen bisitan sinatu behar zuen akordioa, berez. Rubiok adierazi du ez dela izan Jiddako bilkuran jorratu duten gaietako bat, baina "ahal bezain laster" hitzartuko dutela aurreratu du, Ukrainan "epe luzerako bakea" bermatzeko.

Europa, tentuz begira

Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkaren negoziazio mahaian oraindik eserlekurik ez badu ere, Europak arretaz jarraitu du Washingtoneko eta Kieveko ordezkarien arteko bilera. 2022ko otsailan Errusiak inbaditu zuenetik Ukrainaren aldeko babes indartsuenetako bat erakutsi duen Europako herrialdeetako bat da Polonia –Kievera arma gehien esportatzen dituen Europako estatua da–, eta hango lehen ministro Donald Tuskek "zorte ona" opa die AEBei eta Ukrainari, sare sozialetan argitaratutako mezu batean. Su-eten akordio batera iristeko aukera "alferrik ez galtzeko" ere adierazi die.

AEBetako eta Kieveko ordezkariak mahaiaren bueltan elkarrizketak izaten ari ziren bitartean, Parisen bildu dira 36 estatuetako ordezkaritza militar gorenak: hau da, Estatu Nagusiak. Azken egunetan Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak eta Emmanuel Macron presidenteak aipatu dute Ukrainara "bake tropak" bidaltzeko asmoa dutela, eta proposamen horrekin lerratu diren herrialdeek parte hartu duten bilkuran. Europakoez gain, Kanadako, Australiako eta Zeelanda Berriko ordezkariak bertaratu dira bilerara, besteak beste.