argia.eus
INPRIMATU
Ukraina NATOra sartzeko Errusiari lurralde batzuk ematea proposatu du Aliantzako goi kargu batek
  • Norvegian urtero antolatzen den foro batean egin ditu adierazpenak NATOko idazkari orokorreko gabinete-buru Stian Jenssenek. Egun batzuk geroago, bere hitzartzea “akatsa” izan dela aitortu du.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 18a
Urkainako gerra finantzatzearen aurkako manifestaria

NATOren parte izateko Ukrainak Errusiari lurraldeak ematea proposatu du Stian Jenssenek, Ipar Atlantikoko Aliantza Militarreko idazkari orokorraren gabinete-buruak. Hainbat GKE, politikari eta sindikaturekin batera Arendalen (Norvegian) urtero egiten duten foro batean hitz egin du, Ukraina, Errusia eta NATOren inguruan galdetu ostean.

Hainbat erreakzio eragin dituzte hitz horiek, besteren artean, Ukrainako Gobernuak “onartezintzat” jo du Errusiari lurraldeak ematea. NATOk ere ohar batean argitu du jarrera "bera" mantentzen duela gatazka hasieratik. Stianek atzera egin du ostean: “Akatsa onartzen dut, ez nuen modu horretan hitz egin behar”.

Asperraldia laguntzekin

Herrialde batzuk Ukrainara laguntza militar eta ekonomikoa bidaltzeaz nekatuta daudela erakutsi dute azkenaldian. Hungariak “diru-jario” gisa deskribatu du Ukrainiako gerra. Bestalde, herritar ugari ere Ukrainara armak bidaltzearen aurka azaldu da Europan, Berlinen, adibidez, dozenaka mila lagun bildu ziren otsailean.