argia.eus
INPRIMATU
Ukrainako egoera eta AEBen planak Errusiarako
  • Errusia hirutan zatitzea bilatzen duen estrategia bateko urratsak dira azken hilabeteetan Ukrainan ikusten ari garenak Nazanin Armanianen blogean irakur daitekeenez. Artikuluko pasarte esanguratsu batzuk euskaratu ditugu.

Nazanin Armanian 2014ko martxoaren 05
Manifestari bat Ukrainan AEBetako banderarekin (argazkia: Komonews).

Ukrainako gaurko Iraultza Grisak daukan helburua 2008an huts egin zuen Mugida Laranja amaitzea da: herrialdea plataforma bat bihurtzea, bertatik Errusiaren inguruko setioa osatzeko eta Federazioaren desintegrazioa eragiteko. Ez da kasualitatea Maidaneko protestetan “Atzo Kiev, bihar Mosku” lema oihukatzea.

Herritarren bidezko eskaerak probestuz (enpleguak, osasungintza, gardentasuna eta bizimodu duina) talde ultraeskuindarrek, AEBek eta Europako Batasunak babestuta, beren agenda gauzatu nahi dute. Zbigniew Brzezinskiren proposamenaren arabera, munduko herrialderik handieneko baliabide natural eskergak “askatzeko” hiru estatutan banatu behar da: Europako errepublika errusiar bat, beste bat siberiarra eta hirugarren bat Ekialde Urrunean.

Horretarako, sovietar izandako espazioan daukan eragin esparrua gutxitu behar dute, base militarrekin inguratu, larderiatu eta umiliatu. Esan eta egin:

AEBek misilen aurkako sistemak hedatzen jarraitzen dute Europan Errumaniatik hasi eta Poloniaraino, Turkia, Israel eta orain Espainiatik pasaz, Iran gibelatzeko aitzakiarekin baina jo puntua Moskun jarrita. Errusia behartzen ari al dira Arma Estrategikoen Ituna (START) uztera?

Joan den azaroan NATOk Jazz Steadfast maniobra antolatu zuen Letonian eta Polonian, Errusiako mugan. Hamarkadako ariketa militar handiena, 28 naziotako soldaduekin, Ukrainakoak eta Georgiakoak barne.

Ukrainako istiluen erdian Barack Obama Georgiako lehen ministroarekin bildu zen Etxe Zurian herrialde hori NATOn sartzeko azken urrats gisa. Sinestezina da: Georgiako soldaduak, lehen SESBen alde Afganistanen hiltzen zirenak, orain AEBengatik hiltzen dira leku berean.

SESB erori zenez geroztik, munduko aliantza militar handi eta arriskutsuenak ia bloke sozialistako kide guztiak jan ditu: Polonia, Txekia, Hungaria,  Estonia, Letonia, Lituania, Bulgaria, Errumania, Eslovakia, Eslovenia, Kroazia eta Albania. Jugoslaviako Errepublika Federalaren suntsiketa kontatu gabe, Lerrokatu Gabeko Herrialdeen kide sortzaileetakoa.

Eta hurrengo helburua da...

Falta ziren bi herrialde garrantzitsuak Ukraina eta Georgia ziren. Viktor Janukovitxek indarrean mantendu zuen NATO-Ukraina ekintza plana, parte hartu zuen maniobretan eta jarraitzen zuen armadako ofizialak bidaltzen NATOko eskoletara, bai herrialde barruan, bai kanpoan. Dena ondo badoa, Pentagonoak bere egitura militarrean integratuko du “espres dekretuz”. Errusia presionatzeko Washingtonek Ukraina eduki behar du, Irani eusteko bidea Siria dominatzetik pasatzen den gisa berean (edo hori uste du).

Washingtoni berdin zaio Ukraina EBn sartzen den ala ez, askoz gutxiago hango jendeak Mendebaldeko demokrazian bizi direnentz ala benetako demokrazian. Bilatzen duena Errusiari alitatu estrategiko bat kentzea da eta han bere misilak instalatu ahal izatea.

Aurtengo abenduan AEBek atxamartak hartu eta Afganistandik atera behar dute iritzi publikoari begira; besterik da gutxienez 10.000 militar eta 11 base mantenduko dituztela, baina “etengabeko gerra”-rako bestelako eszenatokiak behar ditu, motorra bero mantentzeko, baita gerraren negozioa ere.

Eta Ukraina izan daiteke aukera. Errusiari eraso egiten dio “sakontasun estrategikoan”, funtsezkoa herrialdearen segurtasun nazionalerako, Putinen taldearen Akilesen orpo bihurtzeko helburuarekin. Gainera, azken esku hartze militarretako porroten ondoren, amerikarrek gogo handiak zituzten Errusiarrei kolpe bat jotzeko.