argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Ukraina EAEko kanpainan
Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko otsailaren 27a

Bi urte joan dira Errusiak Ukraina ofizialki inbaditu zuenetik eta denak adierazten du Errusiak lortu duela aurrea hartzea Ukrainari. Errusia gai izan da gerra industria baliatzen herrialdeko ekonomia haizatzeko, bere baliabide energetikoei beste aterabide bat bilatzeko eta –egurra eta azenarioa eskuan– gizarte errusiarraren zati handi bat gerraren bueltan kohesionatzeko.

Oraindik luze joko ei du gerrak eta bi herrialdeek odolusten jarraituko dute, baina Ukraina Errusia baino gehiago. Gerraren luzeran, gainera, zerikusi handiagoa izan dezake urte bukaeran AEBetako hauteskundeetako emaitzak, bateko tanke eta besteko droneak baino. Ukraina dagoeneko Mendebaldearen oso menpekoa da –ia 200.000 milioi euroko dirulaguntza jaso du bi urteotan AEBetatik eta EBtik–, eta gerraren luzatzeak are eta menpekoago bihurtuko du. Errusia, aldiz, bera ari da bere burua finantzatzen bere baliabideekin, baliabide humano gehiago ditu eusteko, eta gerra industria garatuago du. Haizea eta denbora bere alde ditu negoziazio mahaian indartsu agertzeko, inork ez baitu zalantzarik gerra negoziazio mahaian bideratuko dela.

Ez dakigu nola bukatuko den gerra, baina badakigu, ostera, Europan izaten ari den eragina itzela dela, eta izango duela datozen urteetan, batez ere estatuen berrarmatzea oraindik ez dakigun neurriraino bultzatuko duelako: 2014an EBko estatuek 197.000 milioi euro inguru gastatu zuten defentsa politikan, gaur egun, 350.000 bat milioi. Aurrekontuaren gutxienez %2 gastu militarrera bideratzea eskatzen die NATOk bere kideei, gehienak hortxe dabiltza jada, Polonia %4an dago adibidez, eta Alemaniak dio %3,5 gastatuko duela. Gerretan batzuek asko galtzen dute, eta beste batzuek asko irabazi.

Gastu militarrak goranzkoa hartzen duenean, gastu sozialak behera egiten du. Eta alderantziz. Hori argi ikusi zen Bigarren Mundu Gerraren ondorengo Europan. Horrela finantzatu zen Europako mendebaldean gastu soziala, bereziki 1945-1975eko “hiru hamarkada loriatsuetan”, langileek Europan inoiz ezagutu duten garai berdinzaleenean. Neoliberalismoak 1970eko hamarraldian gizarte kapitalistaren gidaritza hartu zuenetik, aldiz, kontrako norabidean goaz apurka. 2008ko krisiak erakutsi zuen ondoen hori. Indar neoliberalenak pixka bat erlaxatu ziren pandemia ostean, baina bueltan datoz, euren austeritate politikak eta gastu sabaiak lehen lerroan jarrita. Ataka horretan, hortaz, nekez pentsa daiteke pentsioak, osasun eremua eta ingurumena gogotik sufritu barik aterako direnik atake berri honetatik.    

Alegia, politika sozialen aldeko apustu ahalik eta sendoenak eta irmoenak egin beharko direla epe ertainera begira. Beraz, apirilaren 21etik aurrera nork bultzatuko ditu hobeto horiek Eusko Jaurlaritzatik: orain arteko EAJ-PSE bikoteak, EH Bildu-PSE-Sumar-Podemosek edo EAJ-EH Bilduk? Beste aukerarik ez dago. Gero, kontua izango da zein eratako presioa egiten dien kaleak batzuei edo besteei, politika sozialak ahalik eta indartsuenak izan daitezen.