argia.eus
INPRIMATU
Ukraina-Donbasserako su-etena hitzartzea lortu dute Minskeko gailurrean
  • Alemania, Frantzia, Errusia eta Ukrainako buruzagiak goizean heldu dira adostasunera Ukraina-Donbassen bizi den gerra deklaratu gabean su etena ezartzeko, agentziek zabaldu dutenez.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2015eko otsailaren 12a
Bielorrusiako (ezkerretan, antolatzailea), Errusiako, Alemaniako, Frantziako eta Ukrainako agintariak Minskeko elkarrizketetan.

Bielorrusiako  hiriburu Minsken lortutako hitzarmena otsailaren 15ean mamituko da eta ondoko egunetan alde biak hasiko dira suntsitze ahalmen handiko armak frontetik urruntzen. Albiste horri erantsi zaio gaur jakin den bigarrena: Nazioarteko Diru Funtsak Ukrainari eskaini dio 40.000 milioi dolarreko mailegua (tartean 17.500 milioiko erreskatea) bere finantzak hondamenditik salbatu ahal izateko.

17 orduko negoziaketa neketsuak ekarri du akordioa (ikusi sinatutako testuaren ingelesezko itzulpen oraindik ez ofiziala). Ondoren prentsari negoziatzaileetako bakoitzak bere bertsioa eskaini du. Petro Poroxenko ukainarrak nabarmendu du baldintzarik gabekoa eta orokorra izango dela menia. François Hollande frantsesak, oraindik asko dagoela egiteko Ukrainakoa bideratzeko baina su-etena urrats handia dela eta Donbasseko independentistek oniritzia eman diotela. Vladimir Putin errusiarrak, itunak bermatzen dituela Donbasseko populazioaren eskubideak eta barnean daramatzala ekonomiari eta laguntza humanitarioari lotutako baldintzak.

Aurreko egunetan gogortuak ziren liskar militarrak Donbassen. Urrunago, AEBek mehatxu egin dute Kieveko gobernuari laguntza militar handiagoa emateko eta Moskukoak maniobra militarrak hasi ditu inguruetan. Ondoko egunetan, Minskeko akordioa eta gero, Donbasseko borroketan errespetatuko den ala ez ikusteaz gain, argituko da ea urrats honek eraginik badaukan Europa eta AEBek Errusiari dagoenekoz ezarritako zigorren eta laster ezartzekoak ziren berrien goxatzen.

Anekdota bat aipatzeko, negoziaketen gogortasuna irudikatzen duen irudi bat zabaldu da erakusten duena nola Vladimir Putinek hatz artean lapitza hautsi zuen, urduritasunagatik edo barruan zeraman haserreagatik, esan denez. Orduan aurrera joan ahala jakingo diren egiazko eta gezurrezko xehetasunen adibidetzat balio du. Itunaren interpretazioan zentratuko dira batzuen eta besteen artilleriak datozen orduetan.