argia.eus
INPRIMATU
Donetsk eta Luhansk Herri Errepublikek eskatu diote independentzia aitortzeko Putini
  • Errusiako lehen ministro Vladimir Putinek gaur erabakiko du Donbasseko herri errepubliken independentziari buruz. AEBek hainbeste hauspotu duten Errusiaren inbasiorik ez da gertatu, baina Ukrainan tentsioak igotzen jarraitzen du. Asteburuan Ukrainako armadak Donbass eskualde independentistari (Luhansk-eko eta Donetsk-eko Herri Errepublikak barnebiltzen dituena) eraso egin diola salatu dute hauek.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko otsailaren 21
Ukrainako soldaduak Donbasseko mugatik gertu. (The New York Times)

Ukrainako guda nonbait ari bada egoera tenkatzen, hori ekialdeko bi eskualde independentistetan da: Donbasseko Luhansk eta Donetsk. Astelehenean zehar giroa berotzen joan da, eta, Vladimir Putin Errusiako presidenteak jakinarazi duenez, astelehenean bertan erabakiko dute bi Herri Errepublikei independentzia aitortu ala ez. Izan ere, Luhansk eta Donetsk-eko ordezkariek Putini eskatu diote independentzia onartzeko, "Ukrainako militarren erasoak saihestea" helburu izanda: "Biktima zibilak ekiditeko, baita eraikin eta azpiegituren suntsiketa eragozteko ere".

Errusiako Segurtasun Kontseiluak ezohiko bilkura egin du astelehenean, eta, Donetsk-eko eta Luhansk-eko Herri Errepubliketako ordezkarien eskeari erantzun diete: haien independentzia aitortzearen alde agertu dira parte hartzaile gehienak.

2014tik jada "intentsitate txikiko guda" indarrean da, eta Errusiak Ukraina inbadituko zuela esan eta esan aritu bitartean, Ukrainak eskualde horien mugan 150.000 soldadu pilatu ditu. Besteren artean Rafael Poch analista politikoak eman du datu hau.

Marra gorriak adierazten du non dagoen guda frontea. 

Eskualde horiek zibilak ebakuatzen hasi dira asteburuan eta 60.000 errefuxiatu Errusiara iritsi direla jakinarazi du Errusiako Larrialdietarako funtzioetan den ministro Alexandr Chupriyán-ek.

Bi eskualde horietan guda gordindu daiteke, eta horren frogetako bat da herritarrak gudarako mobilizatzen ari direla. Luhanskeko Polizia hiriburuan megafono bidez herritarrei dei egiten ari zaie. Luhanskeko miliziek salatu dute igandean Ukrainako Indar Armatuak beren arteko muga bonbardatzen ari direla, eta erasorako prestatzen ari direla uste dutela. Luhanskeko hiriburuko erdigunetik bertatik entzuten ziren artilleria hotsak, zenbait hedabidek zabaldutako bideoetan entzun daitekeenez.

Zaila da jakitea zehazki zer ari den gertatzen. Ukrainako defentsa ministro Oleksiy Reznikov-ek aurkakoa esan du: "Moskuk babesten dituen errebeldeak" Ukrainako armadaren posizioei eraso egiten ari zaizkiela, AFP agentziak jaso duenez.

Halaber, Errusiako militarrek astelehenean jakinarazi dute mugako tropek galarazi egin dutela Ukrainako “sabotatzaile” talde batek Errusiako muga igarotzea, eta tiroketan hil egin dituztela bost “saboteatzaileak”. Ukrainak, ordea, ukatu egin du halakorik, eta Ukrainako militarrek nabarmendu dute tropak ez daudela Errusiako eremu horretan.

Errusiari zigorrak ezartzea

Ukrainak Europar Batasunari (EB) eskatu dio Errusiari "lehenbailehen" zigorrak ezartzeko. EBk Ukrainari ziurtatu dio ez dituztela "bakarrik" utziko, eta Mendebaldeko agintariek ohartarazi dute Errusiako tropak Ukraina inbaditzeko "prest" daudela. Josep Borrel EUko atzerri gaietako ordezkari nagusiak adierazi du "momentu egokian" hartuko dituztela beharrezko neurriak.