argia.eus
INPRIMATU
Alberto Irisarri Ojer (Leozko herritarra)
“Uholdeen ondorioz bakartuta dagoen jendea dugu, zubia konpontzea da garrantzitsuena”
  • Leozko Udala Nafarroako Baldorban kokatua dago, Tafallatik hurbil, herri horren iparraldean. Hamahiru herrixkak osatzen dute. Alberto Irisarri Ojer horietako batean bizi da, Iratxen, eta Leozko udaleko zinegotzia ere bada. Tafallarekin alderatuta etxeetan eta inguruetan ez, baina lurretan kalteak handiak izan dira. Arazo larriena, edonola ere, komunikazio bideekin dute, eta ez dirudi epe laburrean konponduko denik.

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko uztailaren 12a
Santsoaingo zubia. Argazkia: eitb.eus

Nola bizi izan zenuten uholdearen eguna Leotzen?

Ni Iratxetan bertan harrapatu ninduen uholdeak. Leozko udaleko herriak hiru mendi-arrotan zehar banatuta daude. Iratxe iparraldean dago eta kalte gutxien jaso zuena izan da. Baina izan dugu kalterik, eraitsitako errepideak edo gainezka egindako ibaiak kasu. Iratxen 95 litro edo bota zituen, baina hegoaldean bikoitza edo, eta kalteak biderkatu ziren. Lau orduko euritea, etenik gabea, eta ordu laurden edo ordu erdiro kolpe bortitzagoak.

Uholdeak Tafallan baino mugatuagoak izan ziren, ibaian gorago gaudelako eta herri gehienak toki altuetan eraikiak. Baina adibidez herritar baten bila hondeamakina batekin joan behar izan zuten, eroritako bi errepide zatiren artean harrapatua geratu zelako autoan.

Errepide eta komunikazio bideetan kalte handiak izan dituzue, antza.

Santsoaineko zubian nik uste tapoia egin zela, eta tapoi horren ondorioz pitzatu eta eraitsi zela zubia. Beherago, Puiun, antzekoa gertatu zen. N-121 azpitik ibaiak pasatzeko dituen begiak buxatu egin ziren, ura errepidera irten eta azkenik errepide guztia hondoratu zen.

Zubia da garrantzizkoena, bakartutako jendea dugulako Santsoainen. Ez erabat, baina bakartuta. Irteteko bigarren mailako bide oso hondatuak erabili behar dituzte, eta ordu laurdenean egiten zenak ordu eta laurden eskatzen du orain. Beste bide batzuk erabat desagertu dira. Ez da inongo zerbitzurik heltzen, ez okina, ez zaborraren kamioia, esaterako. Urik ere ezin zaie eraman ezinezkoa delako zisterna bat eramatea haraino. Etxeetako ur biltegietan duten ura errazionatzen ari dira ahalik eta gehien. Zazpi familia bizi dira Santsoainen, 25 pertsona inguru. Baldorbako hotelak erreserba guztiak bertan behera utzi behar izan ditu, Sanferminak direla-eta beteta egon arren.

Noiz uste duzue hasiko dela egoera konpontzen?

Nork bere gauzak egiten has dadin oinarrizkoena eta ezinbestekoa zubia konpontzea da. Gainontzekoa ondoren dator. Bideen konponketa, bide asko erabat hondatu direlako. Laborariak ere presionatzen ari dira, ezin direlako uzta-makinekin lurretara sartu. Bideen konponketaz arduratu gaitezke maila batean, baina zubiaren kontuan Nafarroako Gobernua da erantzukizuna hartu behar duena. Zubi berria eraiki arteko tarterako alternatiba bat bilatu behar du. Armadan dituzten zubi tolesgarriak, edo ez dakit zer.

Ni neu arduratuta nago. Esaten ari dira N-121eko Puiuko zatia konpontzeko hilabete bat edo bi beharko dituztela. Zubira heltzeko bidea hori da, ordea. Ordura arte itxaron beharko dugu zubia konpontzen hasteko? Pentsa zenbat luzatu daitekeen.

Etxeetan-eta kalterik apenas izan duzue, lurretan?

Asko, asko. Pieza laborantza lur askotan uzta jasotzen ari ziren, gariarekin hastear egongo ziren. Lur-sail ia guztietan egon dira uholdeak edo lur-jausiak, tokiaren arabera gehiago edo gutxiago. Komunikazio bide asko erabiltezin geratu dira. Heltzeko aukera izanez gero ere ezin dituzte lurretan uzta-makinak sartu, harriak edo enborrak eraman dituelako urak. Gainera, zenbait tokitan kazkabarra ere bota zuen, eta horrek uholdetik salbatu den uztaren zati bat ere hondatu du.

Ostegunean Tafalla eta inguruko herriak hondamendi eremu deklaratu dituzte, Leotz barne.

Asteartean udaletxean bilera izan genuen Nafarroako Gobernuarekin, eta orduan egin genuen eskakizuna. Nire gusturako geldoegi ari da gobernua. Azaldu dezaket hitzez hondamendia, baina ikusi beharra dago tamaina hartzeko. Metro edo metro eta erdiko lodierako zuhaitzak zotzak balira lez erauzi eta eraman ditu urak.

Orain argazkiak ateratzen ari gara, diru-laguntzei begira kalte guztiak dokumentatzeko. Bideen errepaso orokor eta azkar bat egingo dugu, uzta-makinak mugitzeko aukera izan dezaten saiatzeko.

Herritarrei entzun dizuegu ez duzuela horrelakorik gogoratzen. Zer dela eta uste duzu gertatu dela?

Nik uste arrazoi ugari dagoela. Dena izorratzen ari gara, eta kliman nabari da hori. Badira txarto egiten diren gauza gehiago ere. Tafallan esaten dute orain urte batzuk antzeko bat eman zela, antza ibai inguruan eraikitzeko modua ez da oso egokia. Baina klimaren aldaketak eragina du, nabari da urtez urte hilabete bakoitzeko tenperaturak aldatzen doazela. Oraindik ere bada baten bat hori ukatzen duenik, Trump eta enparauek bezala.

Azpimarratzeko beste zer edo zer?

Toki guztietan errepikatzen ari naizena: zubia, zubia, zubia... eta zubia.