argia.eus
INPRIMATU
Uholdeen ondoren elkartasuna Baztanen
  • 
    

    Ostiraleko uholdeek eragindako kalteei auzolanaren bitartez ari dira aurre egiten Baztango herritarrak. Kalte guztiak zenbatzeko daude oraindik eta Nafarroako Gobernuak “hondamendi-eremua” izendatzeko eskaera egin du.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 07a
Inguruko herrietatik ere hurbildu da jendea garbiketa-lanetan laguntzera (Argazkia:noticiasdealava.com)


“Normaltasuna” lehenbailehen berreskuratua asmoz, boluntario ugari elkarlanean, konponketa-lanetan aritu dira asteburuan. Larunbat goizaldean zenbait lapurreta antzeman ziren arren, herritarren artean elkartasuna nagusitu da uholdeen ostean.

Zentro publiko eta pribatuetan aritu dira auzolanean herritarrak. Bertakoez gain, egon da inguruko herrietatik laguntzera hurbildu denik ere. Elizondon zaharren egoitza, osasun zentroa eta Giltxaurdiko kirol-instalazioetako garbiketa-lanetan ehunka boluntario aritu ziren, eta 48 orduren buruan, urak guztiz hartu zituen kaleetatik ibiltzea posible zela jakinarazi zuten.

Erratzun ere bakartuta geratutako baserriei laguntzeko auzolanean jardun dute askok. Guztiz hondatuta geratutako bideak konpontzen aritu dira, baserritarrek herrira jaisteko aukera lehenbailehen berreskuratu dezaten.

Hondamendi-eremua” izendatzeko eskaera

Nafarroako Gobernuak Baztan inguruetan kaltetuenak izan ziren guneak “hondamendi-eremu” izendatua izateko eskaera egin dio Espainiako Gobernuari. Kalteen lehen azterketa egin ostean egin dute eskaera.

Hala ere, Begoña Sanzberro Baztango Udaleko zinegotzi eta Nafarroako Gobernuko Herri Garapeneko kontseilari ohiak larunbatean esan zuen herri erdigunea kontrolpean egon arren, kalte guztiak zenbatzeko zeudela oraindik.