argia.eus
INPRIMATU
Uhinak beketara aurkezteko epea zabaldu dute Iratzar eta Ipar Hegoa fundazioek
  • Euskal Herriari “ekarpen politikoa” egin dioten lanak argitaratzea da Uhinak beken helburua, akademiaren eta herrigintzaren arteko “zubiak” eraikitzearekin batera. Irailaren 30era arte aurkeztu daitezke proiektuak.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 19a
Ipar Hegoa eta Iratzar fundazioko ordezkariak, beken aurkezpen bideoan. Irudia: iratzar.eus.

Bigarren edizioa dute aurtengoa Uhinak bekek. Ipar Hegoa eta Iratzar fundazioek “plaza” bat eskaini nahi diote herritarrek darabiltzaten hausnarketa, eztabaida edota proposamenei, beti ere “eztabaida politikorako” ekarpena egitea xede. Bekak arlo hauetarako emango dituzte: burujabetza eta estatugintza; ekonomia eta sindikalgintza; feminismoa: euskara, kulturgintza; iragana, etorkizuna eta iruditegi soziala. 75.000 eta 120.000 karaktere bitarteko lanak izan behar dute, euskaraz idatziak, eta argitaratu egingo dira. Bekaren oinarriak ezagutzeko, sakatu hemen.

Akademian eta herrigintzan

Bekak, batetik, akademian ari diren ikasle eta ikerlariei zuzenduta daude, akademian hausnartzen dena akademiatik atera eta “jendarteratzeko”. Bestetik, herrigintzan ari diren pertsonei ere badaude zuzenduta: “Adituak eta arituak gonbidatu nahi ditugu beka deialdi honetara (...) hori ere bada gure asmo nagusietako bat: akademiaren eta herrigintzaren, eta eraldaketa politiko-sozialaren, arteko zubiak eraikitzea, alde batetik eta bestetik datozen uhinak erlazionatzea".