argia.eus
INPRIMATU
Ugutz Robles-Arangiz zendu da, 83 urterekin
  • Umorista eta txiste kontalari gisa ezaguna zen beskoiztarra. Horrez gain, antzerkian, kantugintzan eta dantzan aritutakoa ere izan da Ugutz Robles-Arangiz.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 12a
Argazkia: Dani Blanco

83 urterekin zendu da Beskoitzeko txiste kontalari ezaguna. Euskal kulturaren esparruan ariturikoa da Urutz Robles-Arangiz, kantari, antzerkilari eta dantzari gisa. Antzerkigintzari dagokionez, besteak beste, Beskoiztarrak taldearen Sorginak Etxaburun, Piarres Larzabalen Matalas eta Daniel Landarten Xuri-Gorriak obretan aritu zen. Hasieratik Euskal Antzerkilarien Biltzarreko kide izandakoa ere bada Robles-Arangiz.

Kantuaren esparruan berriz, Soroak laukoa sortu zuten 1950eko hamarkadaren bukaeran lau anaien eta Txabi Villaverderen artean. Bere lau ahizpek, berriz, Ainarak laukotea osatu zuten eta zortzien artean koru bat ere osatu zuten. Desegin zenetik bakanak izan dira Soroak taldearen agerraldiak; azkena Mixel Labeguerieri eskainitako omenaldiaren karira izan zen, 2000ko urriaren 15ean, Kanbon.

Manu Robles-Arangiz ELA sindikatuaren sortzailearen eta Lurdes Bernaolaren semea, kultura eta arteari emandako hamaika senideko familiako kidea izan da. 2010ean elkarrizketa egin zion Sustrai Colinak ARGIArentzat: "Euskaraz esaten den guztia ez da euskara".

Haurtzaroa Lapurdin pasa ondoan, hamahiru urte zituela Bizkaiara itzuli zen gurasoekin. 1960an, 21 urte zituela, arrazoi politikoengatik bi anaia zaharrenak atxilotu zituzten eta Beskoitzera itzuli behar izan zuen.

EITB Kulturak zehaztu duenez, iktusa ukan zuen Urutz Robles-Arangitzek.