argia.eus
INPRIMATU
Ugatza hedatzen ari da Euskal Herrian
  • Europako espezie mehatxatuenetako bat den hegazti harrapariaren lau kumek lortu dute aurten hegaldia abiaraztea, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Arrakasta handitzat jo dute teknikariek eta Pirinioetatik mendebalderantz hedatzen ari dela baieztatzen du datuak. Baina hedatze horretatik harago zailtasun handiak ditu oraindik, nagusiena, gizakiaren jarduna.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko irailaren 21a
Ugatzak 2,8 metroko zabalera har dezate, Euskal Herrian den hegazti handi eta berezienetako bat da (arg: Nafarroako Gobernua)

Aurten errekorra ondu du ugatzaren (Gypaetus barbatus) ugalketak Nafarroan: lau kumek lortu dute hegaldia abiatzea. Otsaila eta apirila artean jaio zirenez geroztik habian egon dira txitak, eta lehen hegaldiaren pauso garrantzitsua igarota, gaztaroko hedatze garaia heldu zaie. Ugatza urte asko bizi daitekeen espeziea da, baina kontrara, erreprodukzio tasa oso baxua du –bizi den Pirinioetako bailaren herenean soilik lortzen da urtero txitaren bat jaiotzea– eta zazpi urtera arte ez da heldutasunera iristen.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, jadanik bederatzi eskualdetan ikus daiteke harraparia, Aralar barne. Denera, Pirinioetako hegoaldeko populazioaren %6,3 lurralde honetan kokatzen da.

Itxura, forma eta hegaldi dotorekoa, berezitasunetako bat du hezur-jalea dela; elikadura katean azken funtzio garrantzitsua betetzen du beraz –hezurrak airetik haitzetara jaurtitzen ditu hautsi eta barruko mamia jateko–, hortik datorkio Quebrantahuesos, Quebraosos edo Trencalòs izena, beste zenbait hizkuntzatan.

Ugatza, beste hegazti asko bezala, ekosistema osasuntsuei loturiko animalia basatia da, eta gaur egun gizakia du mehatxu handiena. Zenbait adituren ustez hemendik aurrera arazoak izango ditu Pirinioetan gehiago ugaltzeko, mendikate handi horretan dagoen giza-jardunaren “saturazioa” dela-eta

Ugatza duela mende batzuk Europa osoko mendikate nagusietan ikus zitekeen, baina joan den mendetik atzeraldi nabarmena izan zuen. Alpeetan, esaterako, 1935ean desagertu zen eta Andaluzian 1988an ikusi zen azken aldiz, Cazorla mendilerroan.

Desagertze arriskuan dagoen animalia handienetako bat izaki, bere kontserbazioa intereseko erronka itzela bihurtu da toki askotan, fundazio eta guzti. Nafarroan, Ugatza Berreskuratzeko Plana jarri zuten abian 1991n.

Ugatza berriz sartzea, edozein modutan?

Baina ugatza, beste hegazti asko bezala, ekosistema osasuntsuei loturiko animalia basatia da, eta gaur egun gizakia du mehatxu handiena. Zenbait adituren ustez hemendik aurrera arazoak izango ditu Pirinioetan gehiago ugaltzeko, mendikate handi horretan dagoen giza-jardunaren “saturazioa” dela-eta.

Heriotzen %30 inguruk pozoiaren erabilerarekin dauka zerikusia; toxikoak janda hiltzen dira ugatz gehienak. Beste asko azpiegitura edo elektrizitate sareen kontra jota hiltzen dira edo legez kanpoko ehiztariek tiroz botatzen dituzte.

2006an Europako Mendietan ugatza berriz sartzeko programa abiatu zenean, Asturiaseko talde ekologista ugari kontra azaldu ziren: “Ezin da espezie bat edozein preziotan sartu”, zioten. Pozoiaren erabilera pertsegitu eta arazo horri konponbiderik eman gabe, ez  du “zentzurik” ugatza berriz sartzeak, euren ustez, “hori izan baitzen lehenago galbidera eraman zuena”. 

'Kiriku', Aralar mendilerroan dagoen ugatz arrari GPS igorgailua jarri zioten teknikariek jarraipena egiteko (arg: Nafarroako Gobernua)

Eta Euskal Herrian, zer nolako ekosistema eta presioa ari da aurkitzen gailurren sinbolo bihurtu den hegaztia? Pirinioetatik kanpo, Aralar da lurralde bakarra ugatza modu naturalean hedatu dena.

Nafarroako Gobernutik azaldu dutenez, Arbaiun arroilaren ingurutik joandako ugatz ar batek eta Aragoiko eme batek osaturiko bikotea dabil azken urteetan Aralarren; baina oraindik ez dute lortu kumerik haztea: lehen urtean, errundako arrautza txitaldian galdu zelako, eta bigarrenean, habia hondoratu zelako txita bertan zela. “Honek erakusten digu zein zaila izan daitekeen beste lurralde bat kolonizatzea”, diote foru teknikariek.