argia.eus
INPRIMATU
Ugaon “desinfekzio antifaxista” egin dute, Riverari bizkarra eman ondoren
  • Ciudadanos alderdi espainiar eta eskuindarraren buruzagiak Ugaon izan dira ostegunean, hauteskunde kanpainako beste ekintza mediatiko batean. Altsasun eta Errenterian ez bezala, ez dute istilurik sortzea lortu, herritar ugarik bizkarra emanda eta isilik erantzun dute, eta ondoren "desinfekzio antifaxista" egin dute.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 23a

Ostegun eguerdian izan da Albert Rivera Ugaon. Herri hori aukeratu du C`s-ek ekitaldi bat egiteko, Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi ohiaren sorterria delako, alderdi eskuindarretik jakitera eman dutenez.

Halabaina, ugaotarrek "ez zarete ongi etorriak" pankarta handi batekin eta faxisten kontrako leloak idatziz erantzun dute eta Ciudadanoseko kideak aurretik igarotzean, komertzioek pertsianak jaitsi eta bizkarra eman diete.

Era berean, hainbat tokitan ezarritako sirena eta bestelako gailuekin zarata handia egin dute, ekitaldian esaten ari zirena ez entzuteko. Maite Pagazaurtundua Europako Parlamenturako hautagaiak hitz egin ondoren, Riverak, ingurura begira zuzenduz esan du: "Jakin ezazue gauza bat, nahi dugun bakoitzean etorriko gara, eta presta zaitezte, zuen lagun terroristei egindako omenaldiak debekatuko ditugu".

Ondoren, umore eta parodia giroan, eremua "desinfektatzeari" ekin diote mozorrotutako hainbat herritarrek:

Ugaoko Udalak salatu du Ciudadanosek "konfrontazio giroa sortu" nahi izan duela ekitaldiarekin, "lehen beste toki batzuetan egin bezala".

Apirilaren 14an Errenterian istiluak sortu ziren, Ertzaintza herritarren kontra oldartu zenean Ciudadanosen autoei bidea irekitzeko eta Gipuzkoako fiskaltzak bederatzi lagun auzitara eraman ditu Riverak berak jarritako salaketa baten ondorioz.