argia.eus
INPRIMATU
“Homosexualitatea sustatzeagatik” hogei urteko espetxe zigorra jasotzen duen legea onartu dute Ugandan
  • Legeak espetxe zigor luzeak eta delitu batzuetarako heriotza zigorra aurreikusten ditu. Mendebaldeko herrialdeek eta giza eskubideen erakundeek gogor kritikatu dute lege-testua.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 31
Protesta Keniako Ugandako Goi Batzordearen aurrean. Argazkia: EFE.

Ugandako presidente Yoweri Musevenik homosexualitatearen aurkako lege polemikoa onartu du. Legeak espetxe zigor luzeak eta delitu batzuetarako heriotza zigorra ditu, EFEk jaso duenez. Esaterako, "nahita homosexualitatea sustatzen duen” pertsona orok hogei urteko kartzela-zigorra jaso dezake.

Ugandako Parlamentuko Rebecca Kadaga lehendakariak jakinarazi du, presidenteak konstituzio agindua bete duela eta homosexualitatearen aurkako legeari adostasuna eman diola. Hala, munduko lege zorrotzenetako bat dela uste du.

"Ugandako Parlamentuaren izenean, gure herriari erantzun diogu. Ugandako Konstituzioaren 31. artikuluaren arabera, familiaren santutasuna babesteko legeak egin ditugu. Irmo eutsi diogu gure kultura eta gure herriaren nahiak defendatzeko", azpimarratu du Ugandako Legegile buruak.

Nazioarteko hainbat erakundek legea gaitzetsi dute

Nazio Batuen Erakundeak, Europar Batasunak, AEBk, eta giza eskubideen beste zenbait erakundeek gogor gaitzetsi dute legea. Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Bulegoak "beldurgarritzat" jo du.

Bestalde, hiesaren aurkako NBEren Programa Bateratuak nazioarteko beste osasun erakundeekin batera komunikatua egin du, arauak izan ditzakeen ondorioekiko kezka adierazteko.