argia.eus
INPRIMATU
Ugalketa merkatuen ikuspuntu politikoaren beharra

Nerea Fillat El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2021eko azaroaren 15a

Urriko zenbait egunetan, Sara Lafuenterekin batera ugalketa merkatuen inguruan eztabaidatzeko abagunea izan dut Iruñean eta Bilbon. Hitzordu horietan, ama izateko desioaren atzean ezkutatzen diren galdera eta egoera askotara gerturatzeko aukera paregabea izan dugu.

Gaur egun, ezin zailagoa da amatasunaren aurrean erabaki bat hartzea. Prekarietate handia, ongizate estatu ahula, indibidualtasun nabaria, komunitaterik eza, zaintza krisia, karrera profesionala egiteko beharra... horrek guztiak asko zailtzen digu emakumeoi amatasunaren inguruan erabaki bat hartzea. Espainian, INEren arabera, ama izan nahi duten emakumeen %70ek bi ume izan nahi lituzke, baina %30ek besterik ez ditu izaten; bestalde, umerik ez duten 45-49 urte bitarteko emakumeen %50ek seme-alabak izan nahi zituen. Prekarietatea, ongizate estatu ahula, indibidualtasun nabaria, komunitaterik eza, zaintza krisia, karrera profesionala... asko zailtzen digu emakumeoi amatasunaren inguruan erabaki bat hartzea”

"Norbanakoaren krisiari modu indibidualen erantzuten zaio; kasu askotan, beste emakume batzuekiko botere harremanak ezarriz"

Azken hamarkadan, amatasunaren krisia sakonduz joan da, eta feminismotik ez da egin horri buruzko lanketa kolektiborik. Bitartean, laguntza bidezko ugalketarako klinika pribatuek aukera paregabea aurkitu dute krisi horri errentagarritasuna ateratzeko eta, bide batez, merkatua zabaltzeko tekniketan sakontzeko.

Gauzak horrela, une honetan desberdintasunean oinarrituta eraikitako eredu baten sakontze prozesuan gaude, eta, azpian datzan egoera orokorra aldatzen saiatu ordez, norbanakoaren krisiari modu indibidualen erantzuten zaio; kasu askotan, beste emakume batzuekiko botere harremanak ezarriz. Egoera zail honetatik irteteko, aukera bakarra dugu, alegia, bizi dugun momentu historiko osoari inpugnazioa egitea; izan ere, ugalketa merkatuaren konponbideak ez digu lagunduko. Beraz, amatasun eredu askatzaileago bat gauzatzeko bide posibleen artean nik honako hauek nabarmenduko nituzke: prekarietatearen aurka lan egitea, zaintza komunitate berriak asmatzea eta etxebizitza ereduaren inguruan aldaketak proposatzea.