Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) antolatu du bere 25. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionala, "25 urtean egindako bidea gogoratzea, lorpenak nabarmentzea eta aurrera begirako erronken berri ematea” helburu.
UEMA osatzen duten 73 udaletako ordezkariek hartuko dute parte ekitaldian. Horretaz gain, ekitaldian izango dira urte horietan mankomunitateko lehendakaritzan eta zuzendaritza batzordean parte hartu duten kideak, baita Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko, euskalgintzako, alderdi politikoetako, foru aldundietako eta arlo ugaritako ordezkariak ere.
Aizarnazabalgo Basakaitz Herri Eskolan izango da ekitaldia, 19:00etan.
25 urteko ibilbide “emankorra”
Udalerri Euskaldunen Mugimendua sortu zen 1988an, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak urte hartan udaletan aurkeztu zuen mozio baten harira. Mozio hark proposatzen zuen herri euskaldunetako udalek euskara hutsean lan egitea eta Euskal Herriko 32 udalek onartu zuten.
Onartutakoa betetzea helburu, elkartzen hasi ziren udalerriak. 1991ko maiatzaren 5ean, Udalerri Euskaldunen Eguna antolatu zuten Aizarnazabalen eta 19 udaletako hautetsiek hartu zuten parte UEMA sortzeko batzarrean.
1992ko apirilean erregistratu zen mankomunitatea, eta izaera juridikoa hartzeaz gain, erakunde publikoa ere bihurtu zen. 73 udalek osatzen dute gaur egun, eta Legorretak, Dimak eta Ziortza-Bolibarrek ere mankomunitatean sartzeko eskaera egin berri dute –76 udalerri izango dira laister–.
UEMAren helburu nabarmenenak dira udalen euskalduntzea, udalerri euskaldunen zaintza eta garapena eta bertako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea.