Azpeitian bildu dira UEMAko, Laboral Kutxako eta Kutxabankeko ordezkariak, hala nola UEMAko 38 udalerritakoak –30en kasuan, alkateak–, bi kutxa horietako bulegoetan euskarari lehentasuna emango dion neurri sorta hitzartzeko. Hogei udalek kutxetako bakarrarekin sinatu dute hitzarmena, gainerakoek biekin.
UEMAko lehendakari Josu Labaka, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Laboral Kutxako Marije Etxaniz eta Kutxabankeko Eduardo Ruiz de Gordejuela agertu dira hedabideen aurrean adostutakoaren berri emateko. Batetik, kutxa biek bai UEMArekin bai akordioa izenpetu duten 38 udalerriekin euskara hutsezko harremanak izango dituzte aurrerantzean. Bestetik, hainbat neurri zehatz hartuko dituzte bezeroekiko harremanetan euskararen presentzia bermatzeko. Hauek dira neurri horietako batzuk:
“Erakunde publiko guztiek hizkuntza eskubideak bermatzeko hartu beharko lituzketen konpromisoak ageri dira bi finantza erakunde hauekin sinatu dugun hitzarmenean. Zentzu horretan, jarrera eredugarria da”, adierazi du UEMAko lehendakari Josu Labakak aurkezpenean. Sinatzaile guztiek nabarmendu dute kalitatezko zerbitzuaren oinarrizko osagaietako bat dela bezeroaren hizkuntza hautua errespetatzea batetik, eta bi hizkuntza ofizialen arteko ahulena bultzatzeko neurriak hartu behar direla bestetik.
Akordioa bost urterako sinatu dute, eta beste bost urtez luzatuko da alderen batek bertan behera uzteko borondaterik agertzen ez badu. Hitzarmenaren eraginkortasuna aztertzeko jarraipen batzordea sortuko dute.