Herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko neurriak galdegin dituzte. Gaur egun administrazioan telematikoki egin daitezkeen tramiteen %23 soilik egin daitezke euskaraz, eta tokiko erakundeen kasuan %2,5 besterik ez.
Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin dute UEMAk eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, urratzen ari diren hizkuntza eskubideak salatu eta aterabidea eskatzeko. Eskaini dituzten datuek agerian utzi dute euskara ia ez dela existitzen Nafarroako administrazioan egin daitezkeen tramite elektronikoetan.
Herritarren eskura dauden 1.434 izapideetatik soilik 334k dute euskaraz egiteko aukera –tramiteen %23,29–. Urraketa larriagoa jasaten dute udaletan edota tokiko erakundeetan tramite telematikoak egin nahi dituztenek, euskarazko izapideak anekdotikoak dira: 778 tramiteetatik 20 –%2,57 besterik ez daude euskaraz–. Hizkuntza eskubideak errespetatzeko, tramite guztiak euskaratzea eskatu dute UEMAk eta Behatokiak.
Parlamentuan hitza hartu dute Aitor Elexpuru UEMAko zuzendaritzako kideak eta Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak, eta azpimarratu dute datuek erakusten dutela zer-nolako “gutxiespena” pairatzen duten euskara erabili nahi duten herritar zein udalek. Salatu dutenez, “zeharo” urratzen dira foru arauek eta dekretuek zehaztutako hizkuntza eskubideak.
Aipatutakoaz gain, kritikatu dute ez dela behar bezala betetzen telefono bidezko zerbitzuak euskaraz izateko aukera. Eskubide hori bermatzeko beharrezkotzat jo dute lanpostu elebidunak sortzea.