argia.eus
INPRIMATU
UEMAk erakundea sendotzea du helburu 25. urteurrenean
  • Egun 73 udalek osatzen dute UEMA, eta aurreratu dutenez, urtea amaitzerako 80tik gora izango dira.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2016ko urtarrilaren 25
UEMAko zuzendaritzako kideak, Zarautzen egindako agerraldian.

Zarautzen eginiko Batzar Nagusian 2016rako lan ildoak eta helburuak  finakatu ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). Aurten mende laurdena betetzen du proiektuak, eta urteurrena erakundea sendotzeko baliatu nahi dute. UEMAko lehendakari Josu Labakak iragarri duenez, 2016a amaitzerako 80 udal baino gehiago izango dira mankomunitatearen barruan. Batzar Nagusian bertan Ea sartzea onartu dute.

Labakak iragarri duenez, urtean zehar hainbat ekimen egingo dira urtemugaren karietara. Hauei buruzko xehetasun gehiago udaberrirako emango dituzte. Dena den, data bat gorriz markatu dute: maiatzaren 28a. Egun horretan Leitzan Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko dute, egitarau zabal batekin.

Horretaz landa, Josu Labakak adierazi du udalerrien erabateko euskalduntzea lortu asmoz udalak euskalduntzeko lanean jarraituko dutela. Azaldu du udalerriak euskalduntzeko beharrezko lan-ildoei erreparatuko dietela bereziki. “Ildo horretan, herritarren sentsibilizazioan eta ahalduntzean eragiteko ekimenak sendotuko ditugu udaletan, eta arreta bereziz eragiten ahaleginduko gara hezkuntzan eta komunikazioan”.  

Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko tresna garatzeko ere lan egingo du aurten UEMAk, “udalerri euskaldunak areago erdalduntzeko arriskuari aurrea hartzeko”. Izan ere, Labakak azaldu du aurrera egiten den bezala, atzera ere egin daitekeela.

“Kolore ezberdinetako” udalak espero dituzte kide berrien artean

Labakaren esanetan, agintaldi berriari zalantzaz beterik ekin zioten, ez baitzekiten nor sartu eta nor irtengo zen UEMAtik. Horrela, azaldu du azken hilabeteetan sentsibilitate desberdineko kideak elkarrekin eseri eta lehentasun komunak finkatzen aritu direla. Kide berrien artean “kolore ezberdinetako” udalak espero dituztela gaineratu du. Gaur egun mankomunitatean EH Bilduk, EAJk zein talde independenteek gobernaturiko udalak daude.