Euskal futbol selezkioak ez du, oraingoz bederen, txapelketa ofizialak jokatzeko aukerarik izango. UEFAren erabakiagatik inor gutxi harritu da, eskaera ukatzeko argudioak lehenago ere hainbatetan entzun ditugulako. UEFAk "aho batez" baztertu du eskaera, "[Euskadi] ez delako estatu independentea".
Euskadiko Federazioa "Espainiako Futbol Federazioaren barruan dago", nabarmendu du UEFAk, El Mundo egunkariak jakinarazi duenez. Eta gehitu: "Espainiako Futbol Federazioaren jarrera irmoa funtsezkoa izan da Alexander Ceferin buru duen erakundeak erabaki hori hartzeko".
Hortxe gakoa, denboran betikotua: Espainiak horretarako borondaterik agertzen ez duen bitartean, jai dauka euskal selekzioak.
Euskadiko Futbol Federakundearen eskaera FIFA eta UEFAri
Pasa den abenduan, Federazioko (EFF) eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek FIFAren (Zurich) eta UEFAren (Nyon) egoitzetan erregistratu zuten bi erakundeotako kide izateko eskaera. Pauso hori emanda, bere Biltzar Nagusiak 2018ko abenduaren 12an hartutako erabakia bete zuen EFFk.
2018ko abenduaren 12an, Euskal Futbol Federazioa Batzar Nagusia egin zuen Durangon. Halaxe zioen onartutako testuak: "Euskal futbolaren ordezkaritzaz, bere selekzio adierazgarrien nazioarteko ofizialtasuna lortzeko, Euskal Futbol Federakundeko borondatea adieraziz, FIFA eta UEFAn EFFren integrazio zuzenaren eskaera formala gauzatzea eskatzen du".