argia.eus
INPRIMATU
Udazkeneko garbiketa
  • Bada urtebete udazkeneko bederatziurrenak nola egin artikulua idatzi nuela eta berriz ere urtaroak eskatzen digun lanaz idatzi beharra daukat. Izan ere, gibel garbiketa egiteko sasoia dugula esanez publikazio dezente ari naiz ikusten sare sozialetan eta kezka eragin dit. Orain udaberrian sartzera doazenentzat balioko du baina guri beste organo batzuei begira jartzea dagokigu eta ez genuke nahasmendurik sortu behar.

GarbiƱe Larrea Iturralde 2024ko urriaren 07a
Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Gure artean udaberri zein udazkenean egin izan dira bederatziurrenak eta garbiketak, gorputzari aldaketa askotara egokitzea dagokiolako akaso, gaitz askok piztualdi edo txarraldiak izaten dituztelako eta garbiketa horiek egiteko sendabelarrak indarrean dauzkagulako ere bai, ziurrenik.

Iaztik norberari balio dion bederatziurrena egiten ari den horrek galdetu izan dit ea hilak dituen gainerako egunetan egin ote dezakeen beste zerbait. Erantzuna baiezkoa da eta aukerak ditugunez batzuk aipatzera goaz, bakoitzak berari ongien datorkiona –albo ondoriorik ez dakarkiona– aukeratzeko.

Edonola ere negua etorri aurretik gorputzean atxikitako gehiegizko likidoak kanporatzea, maskuri zein giltzurrunak indartzea, izerdi bidezko garbiketa egitea, linfari garbitu bat ematea eta mukiak (baleude) kanporatzea izango dira helburuak, beti ere gorputzak uzten digun neurrian.

Sendabelarrek dakitena liburuan hiru sustrairen tintura depuratzaileaz hitz egin nuen eta sustrai horietako bati begira jarriko gara, txikori-belarraren (Taraxacum officinale) sustraiari. Udaberrian hostoak zein sustraiak erabil ditzakegu gibel garbiketa egiteko baina bere ahala handia da eta udazkeneko sustraiek propietate ezberdinak dituztela diote ikerketek.

Irakurle askok txikori-belarra esanda lore urdindun sendabelar bat (Cichorium intybus) izango du buruan eta ez da gaizki ari, bere sustraiak ere erabili izan direlako kafearekin batera edo kafearen ordezko txikoria egiteko. Kafearen krisia gertatu zenean hasi zen txikoria gehitzeko ohitura nonbait eta sendabelar baten zein bestearen sustraiak erabili izan ziren, lekuaren arabera. Gaur egun belardendan saltzen dena bigarrena da, lore urdindunaren sustraia, ez Taraxacum officinalerena. Sendabelar bikainak dira biak ere, egiten duten lan terapeutikoa ez da gutxiestekoa.

Taraxacum officinaleren sustraiak bi hortzeko aitzurrarekin atera, ura eta eskuilarekin garbitu, txanpon neurrian moztu eta kartoi gainean lehortzen dira. Ongi lehortuta daudenean zartaginean xigortu eta ondoren kafea ehotzeko errotatxoan ehotzen dira, txikituz. Ondoren berriro xigortzen dira eta erabat hoztutakoan ontzi hermetikoan jasotzen. Belardendan Cichorium intybus erosten duenak xigortu eta ehotzen bakarrik dauka lana.

Bera hutsik edo kafearekin batera har daitezke (%50ean edo gutxiago) baina ez dute gozagarririk onartzen, bestela depurazio lana eragotziko dugulako. Atzetik ohi bezala gosaldu daiteke.

Hipertentsioarentzat, bihotzerako edo giltzurrunetarako botikak hartzen baditugu sendabelar hau erabili aurretik medikuari galdetu behar zaio. Haurdunaldi eta edoskitzaroan ez erabili. Haurrentzat ere ez da egokia. Urdaileko gaitzak baditugu bihotzerrea eragin dezake. Udaberri zein udazkenean bederatziurrenik edo garbiketarik sekula egin ez duena ez dadila zuzenean hau egiten hasi, indartsuegia izan litekeelako.