argia.eus
INPRIMATU
Udazkenean jasotako ezkurretatik haritz landareak hazi dituzte ikasleek
  • Ikastetxe ugari Basoaren Astea ospatzen ari den honetan, Basoak Ernatzen proiektua ezagutu dugu: ikasleek udazkenean jaso zituzten ezkurretatik haritz landareak hazi dituzte eta orain, ernatutako haritz horiek berriz ere basoan landatzera doaz. 50 ikastetxek baino gehiagok hartu du parte ekimenean.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko martxoaren 16a

Jasotako ezkurretatik landarea nola ernatu ikasi dute ikasleek, baita basoen garrantzia ere. Basoaren Astea ospatzen den honetan, zikloa itxiko dute: haritz landare nahikoa dituzten ikastetxeek, edo hainbat eskolak elkarlanean, baso txikiak sortuko dituzte, birlandaketaren bidez; ernatutako haritz gutxi dituztenen kasuan, landaketa sinbolikoa egingo dute; eta herri batzuetan, udalarekin hartu-emanean landare mota ezberdinak sartzeko aprobetxatuko dute. Landareei loturiko habitatak berreskuratzea da asmoa.

Basoak Ernatzen proiekuak Hondarribiako Talaia ikastetxean du aurrekaria: ikasleek ametza zuhaitzaren haziak ernaltzen lagundu eta ondoren Jaizkibelen landatu zituzten, bertako basoa pixkanaka berreskuratu dadin. Erreportaje honetan kontatu genuen. Orain, Gipuzkoako 50 ikastetxek baino gehiagok errepikatu dute ekimena, ingurumen hezkuntzako planak eta programak koordinatzeaz arduratzen den Ingurugelak bultzatuta.

Basoa, gure ongizatea

Agenda 2030ak dituen gaien artean, eskola askok basoa aukeratu dute ikasturte honetan, eta ikuspuntu ugaritatik ari dira lantzen: gizartean duen funtzioa, bertako espezieak, egurraren erabilera, historikoki duen garrantzia… COVID19ak, gainera, agerian utzi du pandemiak saihesteko bai basoak bai bioaniztasuna oro har kontserbatzea funtsezkoa dela. Basoak ezinbestekoak dira gizakiaren biziraupen eta ongizaterako, eta belaunaldi berriek hala barneratu dezaten lanean ari dira ikastetxe askotan.