argia.eus
INPRIMATU
Udazkenean hasiko dira aske uzten Bateragune auziko kideak
  • Sei urte beteko dira urriaren 13an Bateragune auzia abian jarri eta ezker abertzaleko hamar kide atxilotu zituztenetik. Espetxeratuak izan ziren bostak zigorraren epea betetzear daude, eta udazkenean aske uzten hastea aurreikusten da.

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 25
Bateragune auzitik espetxeratuak izan ziren bost kideak zigorraren epea betetzear daude, eta udazkenean aske uzten hastea aurreikusten da.

Arkaitz Rodrigez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaletari seina urteko kartzela zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak, eta sei hilabete gehiago Arnaldo Otegiri eta Rafa Diezi. Lehen hiruak urrian askatuko dituzte. Auzia epaitu gabe zen garaian Diezek urte eta hilabete batzuk kalean eman zituenez, espetxealdia hilabete batzuk luzatzea posible da. Otegiren kasuan, ordea, 2016ko martxoan geldituko da libre, kondena bete ondoren.

18/98 sumarioan auzipetutako Egineko hainbat kidek ere askatasuna berreskuratuko dute udazken honetan. Egunkariko zuzendari izateagatik espetxean den Jabier Salutregi kazetaria aske geratuko da zazpi urte eta erdiko zigorra bete ondoren.

Jose Luis Elkoro Eginen bultzatzaileetakoa izana ere guztiz libre geldituko da. Osasun arazoak direla eta 2010etik etxean ari da kondena betetzen (80 urte ditu Elkorok), kontrol neurripean.

Auzi berriak

2011ko urrian ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera adierazi zuenetik, epaiketa politikoek ez dute etenik izan, eta 150 euskaldun baino gehiago pasatu dira Espainiako auzitegietatik beren lan politikoa medio.

Urriaren 19an Askapenaren aurkako epaiketa hasiko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Erakundearen ilegalizazioa eta bost kideri seina urteko espetxe zigorra eskatzen die fiskaltzak.

Azaroaren 12tik aurrera, berriz, Batasuna, EAE-ANV eta EHAK-ko 35 kideren aurkako makroepaiketa hasiko dute Madrilen. Urtarrilean zen hastekoa epaiketa hau, baina auzipetuen abokatuak atxilotu zituztenez atzeratu egin behar izan zuten.

Herriko tabernen auzia dela eta, halaber, Euskal Herriko 107 taberna eta elkarte ixteko arriskuan daude. 14 urte iraun du epaiketak eta Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi ondoren, Estatuak 107 lokalen konfiskazioa agindu du. Itxiera gauzatzeko polizia-operazioa noiz eta nola eginen duten ikusteke dago.