argia.eus
INPRIMATU
Udazkenean berrartuko dituzte bertso txapelketak
  • Osasun egoeragatik bertan behera utziak izan ostean, udazkenean jarriko dituzte martxan berriz ere Ipar Euskal Herriko, Nafarroako eta Bizkaiko bertsolari txapelketak. Irailaren 18an abiatuko da Xilaba, urriaren 2an Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta urriaren 3an Bizkaiko Bertsolari Txapelketa.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 02a
Xilaba Bertsulari Xapelketako kanporaketa Muskildin, iaz (Argazkia: Bertsozale Elkartea)

COVID-19aren agerraldiak hankaz gora jarri zuen bertsolaritza mundua ere, eta ondorioz, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa zein Xilaba erdizka utzi behar izan zituzten iaz. Nafarroako Bertsolari Txapelketak, bestalde, urte hasieran hasia behar zuen, baina data zehatzik jarri gabe atzeratu zuten ekimena. Osasun egoeraren bilakaera ikusirik, antolatzaileek erabaki dute hiru txapelketak udazkenean egitea.

Iaz final laurdenetan etendako Xilaba irailaren 18an jarriko da berriz martxan, eta azaroaren 13an jokatuko da finala. Nafarroako Bertsolari Txapelketari urriaren 2an emango zaio hasiera, azaroaren 27an jokatuz finala; sailkapenerako saioak ekainean gauzatuko dituzte. Bizkaiko Bertsolari Txapelketari dagokionez, aldiz, urriaren 3an abiatuko da eta abenduaren 18an jakingo da zein atera den garaile.

Bai Xilaba zein Nafarroako Bertsolari Txapelketa zortzi saiotan gauzatuko dira, eta hamar saio izango ditu Bizkaiko Bertsolari Txapelketak. Epe laburrean egingo diren saioak hainbeste izanik, gainjarri egingo dira batzuk, nahiz eta antolatzaileak saiatu diren egutegiak ahalik hobekien uztartzen.