argia.eus
INPRIMATU
Udazkenaren usainak
  • Ardogintzak urteko une gorena du udazkenaren hasieran. Gure inguruan jotako sagarraren (Malus domestica) usaina da nagusi sasoi honetan. Antzeko komediatan arituko dira mahatsarekin (Vitis vinifera) ari direnak.

Jakoba Errekondo 2021eko azaroaren 05a
Argazkia: pumpkinbeth.com

Usain gozoa, lodia, era berean geza eta gazia, ahoan txistua dantzan jartzen duen antzinako usain eguneratua. Muztio lodia nonahi eta era guztietako ontzi eta upategietan hartzitzen, bor-bor, karbono dioxido txinpartatsu bizia askatuz. Muztio urrintsu gozoak hartzitzean usain nostalgikoak bereganatu nahiko ditu: udaberrian izan zen lorearen lurrinak eta jo eta zanpatu aurretik fruituak bere zuen urrinte jario betea. Han-hemenka topatzen dut baita ere jo eta dolarean zanpatu ondoren ongarritarako edo ganadu jatenetarako baztertu eta bizitzen hasia dagoen patsa. Usain min ozpina, fina, sarkorra, sudur mintzak sastatu gabe barneratzen ez dakiena. 

Antzeko komediatan arituko dira mahatsarekin (Vitis vinifera) ari direnak. Mahats mordoak bildu eta elkarren kontra zirrika hasten direnean hedatzen da azalaren usain bizia, txorrotxa, makina bati barren barrenetik sortzen den hozkia hortzetaraino dakarkiona. Mahatsadalkoaren aleak zuztarretik bereiztean lurrin laketgarriagoak hedatzen dira. Mahats dolareetara joaldiaren hasieran hurbiltzen den liztor jendea lekuko. Urrutitik hartzen dute mahatsak duen azukre pilaren urrina, gero botilan izango duen buketera iristeko usainek eta lurrinek egingo duten bidaia luzearen hasiera. Hartzitzean muztioaren kaindu gozoak gero kopa betean antsiaz dastatuko den atxon miragarria bihurtuko dira. Bidaia hori hautsiko zaie muztioa kenduta dolarearen askan geratu diren mahatsaren azalei, haziei eta txortenei. Pats hori ere ondo hartzitzen utziko da, eta inola ere bizitzen eta ozpintzen utzi gabe, destilazioaren bidezidorretik eramango da. Hor bai, alanbikean ardogintzaren hondakintzat jotzen den patsa pituitarioak harrotu, zirikatu eta kitzikatuko dituen edari bizi bilakatuko da, zuku bero gaiztoa duen uxuala.

Usain horien denen memoria datorkit aho sabairaino. Hotz ezin ederragoari ongietorria egiteko hanka hankari emanda nagoenean, egur errearen kearen usaina, norteko haritzaren (Quercus rubra) egurraren suaren aurrean, pittin bat ketua, gaztaren tankeran, ke laino mehe baten usainean.