Bada hilabete udazkena heldu zitzaigunetik, eta zuhaitzak apurka-apurka hostoak galtzen ari dira, biluzten. Euskal Herriko paisaia berde-berde egon da oraintsura arte, esperantzaren kolorez; baina horixkatzen hasi da, gaixotasunaren, hondatu izanaren eta kezkaren kolorea hartzen. Izan ere, horixe gertatzen zaio norberari ere luzaroan biluzik egondakoan: gaixotzen, hondatzen eta kezka itxura hartzen hasten da.
Jakin jakingo duzu, irakurle, karrerako funtzionario izateko —betidanik funtzionario izenez ezagutzen den kolektiboa—, orain arte, Ohiko Oposizio Lehiaketako frogak gainditu behar izan direla, eta halaxe gertatu izan da Hezkuntza Sailean ere; kasurako, urriko azken bi larunbatetan milaka maisu-maistra eta irakaslek egin beharko dituzte azterketok. Entzuna izango duzu, irakurle, Ohiko Oposizio Lehiaketa horiek ez direla batere samurrak, lau fase baitituzte: eduki teorikoak barneratzen direla egiaztatu behar da; eduki praktikoak menderatzen direla erakutsi; urte osoko programazioa tribunalaren aurrean ahoz defendatu, eta urtebeteko praktikaldia gainditu. Irakurle, akaso, jakingo ez duzuna da, 1999ko Europako sententzia bat betetzeko, Hezkuntza Sailak —Espainiatik datorren aginduaren aitzakiapean— 3.200 maisu-maistra eta irakasle honako merituak kontuan hartuta bihurtuko dituela karrerako funtzionario: lan-esperientzia, prestakuntza akademikoa eta bestelako merezimendu batzuk —azken atal horretan, lehiatzen den kidegoko espezialitate berean oposizio-fasea gainditzea hartzen da kontuan, eta, kasualitatez, gutxiengoak du punturik atal horretan—.
Hezkuntza Sailari Ohiko Oposizio Lehiaketa eta praktikaldiko urtea gainditu izanari balioa emateko eskatu genion, karrerako funtzionario guztiok Lekualdatzean baldintza antzekoetan lehiatzeko. Udazkenean heldu zaigu erantzuna: ez
Hala ere, irakurle, arazoa ez da nola bihurtuko dituzten karrerako funtzionario; arazoa da, Lekualdatze Lehiaketetan, Ohiko Oposizio Lehiaketen bidez karrerako funtzionario garenon aurretik aukeratuko dituztela plazak. Eta zeure buruari galdetuko diozu: zer ari dira hauek esaten? Bada, tira, hona hemen labur-labur azalpena: karrerako funtzionario izendatu ostean, norberaren lehentasunen arabera destinoa —hau da, lantokia— Lekualdatze Lehiaketan aukeratzen dugu. Laster gauzatu beharko dugun prozesu horretan, lehentasuna puntuazio altuena duenak izaten du. Iaz arte, funtzionario izendatu ostetik hasi izan gara antzinatasun puntuak pilatzen, bada, iaztik, irakurle, bitarteko edo interino —beste era batera esanda, ordezko— egindako urteak ere aintzat hartzen dira, eta, horren ondorioz, Ohiko Oposizio Lehiaketa bidez karrerako funtzionario garenon aurretik jarriko dira meritu bidezko prozesukoak.
Kasualitatez, plaza horiek guztiak ez dira existitu izan Ohiko Oposizio Lehiaketan eskaintzeko, baina bai, egun batetik bestera, meritu bidez emateko. Kasualitatez, orain arte, guretzat ez da plazarik egon geuk nahi izan dugun tokian finkatzeko, eta, bat-batean, inork ez daki nondik, baina 3.200 plaza agertu dira. Kasualitatez, orain arte plaza horiek Lekualdatzean ez direlako eskaini izan, asko eta asko behin-behineko egoeran gaude. Kasualitatez, behin-behineko egoeran jarraituko dugu, meritu bidezkoek aurrea hartuko digutelako. Eta, kasualitatez, behin-betiko plaza dugun karrerako funtzionarioek ere, zeharo zail izango dugu geuk benetan nahi dugun ikastetxera aldatzea, meritu bidezkoek puntuazio altuagoa izanda lehenago aukeratuko dituztelako plazak. Horiek horrela, Hezkuntza Sailari Ohiko Oposizio Lehiaketa eta praktikaldiko urtea gainditu izanari balioa emateko eskatu genion, bidea edozein dela ere, karrerako funtzionario garen guztiok Lekualdatzean baldintza antzekoetan lehiatzeko.
Udazkenean heldu zaigu erantzuna: ez. Eta udazkenean zuhaitzak nola, hala geratu gara Ohiko Oposizio Lehiaketa bidez karrerako funtzionarioak garenok: biluzik. Eta apurka-apurka gure kolektiboa gaixotzen hasi da, hondatzen eta kezka itxura hartzen, inork ez diolako guk egindako ahaleginari, lanari, sakrifizioari eta igarotako sufrimenduari baliorik eman: ez Hezkuntza Sailak, ez sindikatuek —beharbada, meritu bidez plaza eman zaienetariko asko sindikatuetan liberatuta daudenak direlako—.
Halere, beti bezala, udaberria ere iritsiko da.
Funtzio Publikora Berdintasunetik taldea