argia.eus
INPRIMATU
EHKOlektiboa
Udan etxaldeetara bisitak, agroekologia irizpideak bermatzeko
  • Badira urte pare bat EHKOlektibotik Berme Sistema Parte-hartzailea (BSP) martxan jarri zutela, estatuetako zigilu ofizialetatik harago, agroekologiaren irizpideak kolektiboan adosteko eta kontrol eta zertifikazioen alternatiba herrikoia ezartzeko. “Kolektiboa sortu zenetik bazegoen gogoa gure nekazaritza txikia eta ekologikoa eredu industrialetik desberdintzeko”, azaldu du Itsasne Mendiberri Jaurena kolektiboko etxaldeetara egiten dituzten bisiten dinamizatzaileak. Izan ere, baserritarren ekoizpen irizpideak eta lan egiteko moduak etxalde bisitetan egiaztatzen dituzte duela bi urtetik. Ekainean hasi dira aurtengo etxalde bisita errondarekin, eta uztailean eta udazkenean horretan ariko dira, agroekologiaren bidean sakontzeko BSP modu kolektiboan garatuz.

Garazi Zabaleta 2022ko ekainaren 30

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako baserritar eta herritarrrez osatutako kolektiboa da EHKO, eta agroekologia lantzea eta bultzatzea du helburu. Hastapenetik, garrantzia berezia eman diote nekazariez gain herritarrak ere elkartean parte aktibo izateari, elikadura osasuntsua eta eskuragarria jendarte osoaren erronka dela ulertuta. Bide horretan, aurtengo etxalde bisitetan ere herritarren parte hartzean arreta berezia jarri nahi izan dute. “Aurten herritarrak nahi ditugu bisita guztietan, horiek baitira gure lanari oihartzuna eta babesa emango diotenak”, diote bisiten inguruan zabaldutako oharrean.

Etxaldeetako bisitetan, bertako laborariez gain beste laborari batek eta herritar batek edo bik hartzen dute parte, eta kolektiboko dinamizatzaileak ere hor egoten dira laguntza emateko eta bilketa lana egiteko. “Galdetegi bat egiten da bisitetan, eta galderek lotura dute kolektiboko laborariek aurrez zehaztu zituzten agroekologia irizpideekin”, dio dinamizatzaileak. Aurten, gainera, bisitak modu irekiagoan egin nahi dituzte, eta agroekologian interesa duen edozein herritar edo eragilerentzat ateak zabalik daudela azpimarratu du kideak. Azken batean, bisita horiek, irizpideak birpasatzeaz gain, baserritarrak eta herritarrak elkarren artean ezagutzeko aukera ere ematen baitute.

Ekainean 30 bisita baino gehiago

Ekainean hasi zen etxalde bisiten kanpaina, eta honezkero 30 baino gehiago egin dituzte, tartean, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ekoizpen desberdinak bisitatuz: okin-zerealistak, haragi hazleak, esne behidunak, frutazainak, baratzezainak, erlezainak, artzainak… denetitak egon da.

Uztailean hamazazpi bat bisita izanen dira, eta abuztuan geldialdia egin ondoren, irailetik aurrera beste 30 bat eginen dituzte. “EHKOlektiboan sartzeko eskaera egin duten etxaleak bisitatuko dira tartean; lehen onarpen komisio batek aztertzen zuen eskaera egin zuten horiek irizpideak betetzen ote zituzten. Orain, berriz, bisiten bidez egiten da hori”, azaldu du Mendiberrik. Interesa duenak ehkolektiboa.eus webgunean aurkituko du informazio guztia, eta baita bisiten data eta orduak eta izena emateko galdetegia ere.

Bideo honetan azaltzen dute zertan datzan Berme Sistema Partehartzailea: