argia.eus
INPRIMATU
Udaltzaingoek euskarazko B2 mailarik behar ez dutela dioen epaia errekurrituko du Jaurlaritzak
  • Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren hitzetan, hizkuntza maila eskatzea "funtsezkoa da euskal Poliziak gizartearekin harremana izateko" eta "herritarrei zerbitzu hobea emateko". Hala, helegitea iragarri du Ana Maria Martinez epailearen (Laudioko Udalaren aurkako epai polemikoa eman zuen berbera) ebazpenaren aurka: horren arabera, ez da ziurtatu behar euskarazko B2 maila izatea Udaltzaingorako deialdi publikoan izena emateko.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 19a
Udaltzainak artxiboko irudian. / Argazkia: Gasteiz Hoy.

Gasteizko Administrazio Auzitegiak UGTren aldeko ebazpena eman du: EAEko Udaltzaingoaren lan poltsan egoteko ez da euskarazko B2 maila egiaztatu beharko. Ana Maria Martinez epaileak esan du berriro onartu beharko direla baldintza hori ez betetzeagatik zerrendatik kanpo geratu ziren hautagaiak. Hain zuzen, epaile hori izan zen Laudioko Udalari agindu ziona bitarteko funtzionario bat berriro hartzeko (lanpostua galdu zuen euskarako eskakizuna ez izateagatik), argudiatuta udalak ez zuela kontuan hartu “euskara munduko bosgarren hizkuntzarik zailena” dela.

Oraingo kasuan UGT sindikatuak ezarri zuen helegitea, argudiatuz 2021eko deialdi publikoan “diskriminatu” egiten zituztela B2 maila egiaztatu ez zuten Udaltzaingorako hautagaiak. Sindikatuak defendatu zuen pertsona horiek gai direla “zenbait lanpostu” betetzeko, nahiz eta onartu zuten ezin dietela herritarrei euskarazko zerbitzua eman, Berria egunkariak zehaztu duenez.

Euskalgintzaren Kontseiluak gogor salatu du ebazpena, eta ohartarazi dute herritarren eskubideen urraketa dela. Paul Bilbao idazkari nagusiak auzitegien jarduna kritikatu du, eta herritarrei dei egin die aurre egitera: "Azken hilabeteotan esaten ari gara Auzitegiak hizkuntza-politika egiten ari direla, euskaldunon eskubideen aurkako ofentsibari jarraitzen diotela. Alta, gaurko ebazpena kate horretako beste kate-begia besterik ez da. Horrexegatik, honi guztiari modu bateratuan erantzun behar zaiola uste dugu".

ELA sindikatuak ere salatu du “euskaraz lan egiteko eta herritarrak euskaraz artatuak izateko eskubidea” urratzen duela ebazpenak. Halako ebazpenei aurre egiteko, oposizioak eta instituzioz instituzioko lan poltsak proposatu ditu ELAk.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak oharra egin du: epaiak arriskua dakar eskubide urraketak betikotzeko, herritarren eskubideen eta eskaintzen den zerbitzuaren kalterako.

Ez da kasu bakana Udaltzaingoaren hizkuntza eskakizunekin auzia dagoena. Hain zuzen, Onintza Irureta kazetariak erreportaje hau egin zuen poliziek herritarren hizkuntza eskubideak urratzeari buruz: Udaltzainek zergatik ez digute euskaraz egiten?