Udaltzaingoaren azken egunotako "gehiegikerien" aurrean, Bilboko Konpartsen Federazioak elkartasuna adierazi die manteroen kolektiboko lagunei, Areatzan egindako elkarretaratzean.
"Bilboko Konpartsok azpimarratu nahi dugu manteroak ere herritarrak direla eta lanean ari direla, beraz, gainontzeko herritar eta langileen eskubide eta errespetu bera jaso behar dute". Horra Bilboko Konpartsen Federazioak abuztuaren 20an buruturiko elkarretaratzetik luzaturiko mezua. Dozenaka lagun batu dira Udaltzaingoaren azken egunotako gehiegikerien salatzeko eta manteroei elkartasuna adierazteko asmoz. Udaltzainen izaera "oldarkor eta bortitza" gaitzetsi dute, argi utziz "erabaki politiko batek babesturiko" jarrera dela.
Horrez gain, Konpartsek zabalduriko mezuak "isilarazteko" erabakia ere gogorki salatu nahi izan dute: "Manteroren pankartetatik hasita, euskararen eta Palestinaren aldeko eta erasoen kontrako hainbat pankarta kendu dituzte, eta ezin dugu onartu, inolako aitzakiarik gabe, gu isildu nahi izatea. Jai gunea adierazpen eta aldarrikapen libreen gunea izan da beti eta hala segi dezan defendatuko dugu".