Gasteizko Gaztetxeak agerraldia egin du "erasoa" salatzeko. Astelehen gauean eraikinera sartu, hainbat gazte identifikatu eta isundu, eta eraikina hustu zuten udaltzainek. Antolakuntza eta autodefentsarako deia egin du Gazte Asanbladak.
Prentsaurrekoan eman dute gertatuaren berri Gasteizko Gaztetxeko Gazte Asanbladako kideek. Astelehen gauean, 30 bat gazte hainbat bilera egiten ari zirela, “udaltzainek, eraikinean bortxaz sartu ostean, hainbat gazte multatu eta Gaztetxea hustu zuten”, salatu dute.
Gazteen esanetan, poliziek auzokideen deia jaso zutela esan zieten, “hainbat gazte zeudelako bilduta ‘lizentziarik gabeko gune okupatuan’. 30 urtetik gorako jardun politiko, kultural eta soziala gauzatu duen Gaztetxea ‘gazte lonja’ bezala definitu dute”. Udaltzainek osasun neurriak aipatu zituzten euren jarduna azaltzeko, eta aurrera begirako prozedura juridikoa Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dagoela jakinarazi zieten eraikinean zeudenei.
Osasuna "aitzakia"
Horren guztiaren aurrean, hainbat mezu azpimarratu nahi dituzte Gazte Asanbladako ordezkariek. Lehenik eta behin, udaltzainek aipatutako osasun arrazoiak “aitzakia” direla eta Gaztetxean segurtasun neurriak aspaldi ezarri zituztela nabarmendu dute: “COVID-19aren testuinguruan Gaztetxearen irekieratik osasun neurriak mantendu ditugu, baita bertan biltzen diren kolektibo guztiei neurri hauek helarazi ere. Udatik hona, higiene pertsonal eta logistikorako neurriak hartu ditugu, eta kutsatze posibleen aurreko protokolo bat diseinatu”. Neurri horiek polizia sartzeko unean ere errespetatuak izaten ari zirela ziurtatu dute: “Gaztetxean zeuden 30 pertsonak hainbat gelatan batuta zeudela azpimarratu nahi dugu, indarrean dugun protokoloaren arabera segurtasun neurriak mantenduz”.
Osasun neurrien izenean haien aurka egin den bitartean beste espazio batzuetan neurri horiek ez direla betetzen ari jakina dela nabarmendu dute: “Eragile sindikal askok eta askok salatu dute azken aldian lantoki, ikastetxe eta bestelako gune batzuetan pairatzen ari diren zaurgarritasun egoera eta neurri sanitarioen urratzea”.
Antolakuntza eta autodefentsa
“Gazte lonja” izendatuz Gaztetxeari “izaera politikoa” ukatu nahi dioten arren, poliziaren interbentzioak helburu politikoa duela salatu dute gazteek: “Gazteon antolakuntza forma ororen infantilizazioa eta kriminalizazioa. Lan produktibora eta jai eredura lerratuta nahi gaituzte”. Okertzen ari diren bizi baldintzen aurrean, “argi daukagu Estatuaren boterea zalantzan jartzen duen oldarraldi eta antolakuntza politiko oro kondenatua eta jazarria izango dela”, adierazi dute.
Astelehen gauean Gaztetxean gertatutakoa, “baina baita ere Euskal Herriko txoko ugaritan eman den eta ematen jarraituko den jazarpen sistematikoa” horren adibide dela esan dute Gaztetxeko kideek, eta jazarpenaren aurrean autodefentsarako deia eginez amaitu dute prentsaurrekoa.