Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako. Usurbilgo eta Astigarragako udalek, berriz, helegiteak jaso dituzte udaltzainak hautatzeko prozesuetan euskarazko 3. hizkuntza eskakizuna zehazteagatik.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Donostiako Udalaren helegitearen bide judiziala amaitutzat eman du eta tramitera ere ez da aurkeztuko. Epaileek helegitearen edukia ez dute aztertu eta helegitea jartzeko “interes objektiborik” ez dagoela esan dute.
2024ko urtarrilean hasi zen dena
Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko epaitegiak euskararen aurkako sententzia eman zuen: Jose Ignacio Hierro buru zuen salak ebatzi zuen "diskriminatzailea" zela udaltzain izateko euskara maila jakin bat eskatzea. Espainiako Konstituziora jo zuen epaileak, 23. artikulura, zera argudiatzeko: herritar guztiek dutela deialdi publikoetara berdintasunez iristeko gaitasuna.
Bi udaltzain lanpostu egonkortzeko egin zuen deialdi publikoa Donostiako Udalak, baldintza gisa, besteren artean, euskararen B2 maila egiaztatzea ezarrita. Lanpostua eskuratu nahi zuen batek abiatu zuen helegitea, eta Francisco Ignacio López Hera abokatua arduratu zen defentsa egiteaz.
Donostiako epaitegiaren arabera, Donostiako Udalak ez zituen argudio sendoak erabili lan deialdi horretan euskara eskatzea derrigorra zergatik zen azaltzeko; areago, argudiatu zuen ez zela ezinbestekoa denek euskara jakitea herritarrei hizkuntza koofizialen zerbitzu emateko. Alegia, lanean batera ari diren bi agentetik batek egitea aski zela. Horiek horrela, "diskriminatzailetzat" jo zuen euskararen ezagutza egiaztatzea.
2024ko irailean, Donostiako Udalak helegitea iragarri zuen, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena orain iritsi da.
Kontseiluaren eskaria: udaltzain guztiek euskaraz
Hain zuzen, 2024ko irailean, Donostiako Udaleko kasuaren harira ez bazen ere, Euskalgintzaren Kontseiluak udaltzain guztiek euskaraz jakitea eskatu zuen. Aldi hartan, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen 2021ean EAEko udaltzain laguntzaileentzako lan-poltsa bateratua osatu zutenean ezarritako hizkuntza eskakizuna, B2 maila.
Astigarragako eta Usurbilgo udalei ere helegiteak
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak aditzera eman du azken asteotan helegiteak jaso dituztela Astigarragako eta Usurbilgo udalek, udaltzain berriak hautatzeko prozesuetan euskarazko 3. hizkuntza eskakizuna (C1 maila) ezartzeagatik. Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak, prentsaurrekoan, helegiteaz eta bi udalek emandako erantzunaz hitz egin du: “Helegiteak jarri dituztenen arabera, 2. hizkuntza eskakizuna nahikoa da. Ez dugu inolaz ere bat egiten horrekin. Ez baita horrela. Udalerri euskaldunetan, herritarrekin euskarazko harremana izateko, herritarrek esandakoa ulertzeko eta herritarrekin hitz egiteko, 2. hizkuntza eskakizuna ez da nahikoa, hainbat urtez hainbat udaletan izan diren kasuek eta arazoek erakutsi duten bezala”.