argia.eus
INPRIMATU
Udaltzainek umeen arteko futbol partidura joan behar izan dute Iruñean
  • Iruñean gertatu da, larunbatean: umeen arteko futbol partiduan, ama batek aurkarien taldeko haur bat heldu du, eta udaltzainek joan behar izan dute. “Helduok haurrei ematen diegun eredua ez da egokiena eta dudarik gabe ez du inolaz zerikusirik kirolak transmititu behar dituen baloreekin”, adierazi dute udaltzainek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko azaroaren 13a

Behin baino gehiagotan jorratu dugu gurean gaia. Ikuskizun tamalgarri bilakatzen dira umeen zenbait partidu –bereziki futbolean, hori ere esan behar da–, gurasoak garrasika –irainka– hasten zaizkionean arbitroari, aurkariei, entrenatzaileari eta, huts eginez gero, baita seme-alabaren taldekideei ere. Giro gaiztotu horren barruan, lehia eta presioa nagusitzen dira txiki-txikitatik.

Autoarbitrajea, eta gurasoak urrun

Horri aurre egiteko ekimen bat baino gehiago jarri izan dute martxan. Herbehereetan esaterako, haurrek beraiek arbitratzen dituzte euren futbol partiduak, txandaka. Errespetua, joko garbia eta batez ere askatasuna dira nagusi. Beste arau bat ere bete behar dute partidu hauetan: senideek eta gainerako ikusleek joko-zelaitik 20 metrora jarraitu behar dute norgehiagoka eta animatu baino ezin dute egin. Ondarroako Aurrera Kirol Elkarteak eta Brontxek berriz, komikia plazaratu zuten, guraso askok futbol zelaian erakusten duten jarrera azaleratu eta haurrek kirolarekin disfrutatu egin behar dutela aldarrikatzeko helburuz.

Kartelak ere ikusten hasiak gara joko-zelaietan, ikusle helduei zuzenduta: “Familian txapeldun bat nahi baduzu, entrena zaitez zeu… Bitartean utzi zure seme-alabari pozik jolasten”. Edo beste hau: “Mesedez, gogoratu: umeak dira; hau jolas bat da; entrenatzaileak boluntarioak dira; arbitroak gizakiak dira; hau ez da Munduko Kopa”.