argia.eus
INPRIMATU
Udaltzainek bizikleta eraman diotenari sostengu legala eskainiko dio Donostiako Kalapie elkateak
  • Donostiako Udala zorrotz ari da bizikleten gaineko ordenantza betearazten: dagokion lekuan aparkatuta ez dauden bizikletak eramaten eta isunak jartzen ari dira udaltzainak. Baina bizikletentzat nahikoa aparkaleku ez dagoela eta motordun ibilgailuen gaineko arauekin ez dela hain estu jokatzen kexu dira txirrindulariak. “Isuna ordaindu aurretik, kontaktatu gurekin”, dio Kalapie elkarteak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko ekainaren 09a
Argazkia: Mikel Lezama @LezamaMikel

Mugikortasun eredua birpentsatzeko konfinamenduak eskaini duen aukera baliatu behar dela dioten ahotsak asko dira, epe ertain eta luzera begira oinezkoen eta bizikleten aldeko apustua egingo duten neurriak indartu behar direla pentsatzen dutenak, berriro denak autoa hartzera itzuli ordez. Donostiako Udala kontrako norabidean ari dela kexu dira txirrindulari ugari.

Hiriko ordenantzaren arabera, “bizikletak horretarako propio ezarritako aldeetan aparkatuko dira, horretarako propio jarriko diren parrilletan ondo bermatuta”, eta araua gogor ari dira aplikatzen. Kalapie elkarteak dio proposamen ugari egin dizkiola Udalari egoera hobetzeko eta arazoari aurrea hartzeko, “baina alferrik”. Mugikortasun saileko udal ordezkariak adierazi du, egun jakin bati buruz, bizikletentzako aparkalekuetan plazak libre zeuden bitartean gaizki aparkatu zuela hainbat txirrindularik. Ez dela hala erantzun du Kalapiek, eta bizikletentzako aparkalekuak leporaino beteta zeudela egun horretan. Bizikleten aldeko baliabide gehiago eskatu ditu elkarteak.

Aldi berean, kritikoa da Kalapie: “Udalak Ordenantza zorrozki betearazi nahi badu, zergatik ez ditu betearazten motordun ibilgailuen gaineko artikuluak?”. Ezin duten arren, espaloian, bizikleta-bideetan, oinezkoen eta bizikleten pasabideetan edota garraio publikoko geltokietan aparkatuta dauden motordun ibilgailuak eta hirian 50 kilometro orduko abiadura errespetatzen ez dutenak aipatu ditu Kalapiek, besteak beste.

“Kaleak bizikletaz betetzea ez da desohorea”

Garbi mintzatu da elkartea: “Ez dugu uste desohorea denik hiriko kaleak bizikletaz beteta egotea; aitzitik, horrek erakusten du, erakundeen eta biztanle guztien ahaleginari esker, Donostia hiri modernoa eta ez hain kutsatu dela, eta hiri europar handien antza hartzen ari garela. Udalak bizikleta inoiz baino gehiago sustatu beharko lukeen une erabakigarri honetan, zergatik kriminalizatzen du bizikletaren erabilera?