Udaleko Segurtasun Sailak adierazi duenez, Arrontegiko zubiaren azpian izan da tiroketa, udaltzainak zulo bat estaltzera joan direnean.
Bi lagun zauritu eta hiru atxilotu dituzte udaltzainek Barakaldon (Bizkaia). Udaleko Segurtasun Sailak adierazi duenez, ostegunean, 08:30ean, Arrontegiko zubiaren azpian izan zen tiroketa. Tunela hustera eta kalean bizi diren hainbat lagunek erabiltzen zuten zulo bat estaltzera joan ziren udaltzainak. Tiro egin eta bi lagun zauritu zituzten, eta horietako bat larri dago Gurutzetako ospitalean. El Correo egunkariaren arabera, larri zauritutako lagunak hiru inpaktu jaso zituen: buruan, bularrean eta sorbaldan. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da.
EITBren arabera, ingurua hustera joan zirenean “arma zuriak” zituzten zenbait lagun zeuden. Angel Madrazo Barakaldoko Herritarren Segurtasuneko zinegotziak Tele7 telebistari esan dionez, udaltzainak “ohiko jardunean” ari ziren eta udaltzainek “egoki eta zuzen” jokatu zuten. Gaineratu du eraso baten ondorio izaten direla “beti” tiroak, eta kasu honetan modu horretan egin zutela tiro.
Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan udaltzain guztiek ekipamendu bera eraman behar dute; besteak beste, suzko arma, munizioa, girgiluak, borra motz edo luzagarriak, txilibitua, balen aurkako txalekoa eta eskularru beltzak.