argia.eus
INPRIMATU
Udaltzainek B2 euskara eskakizunik ez dutela behar dio Gasteizko epaitegi batek
  • Udaltzain izateko lan poltsan, euskarazko B2 profila eskatzen du EAEko Polizia Akademiak eta auzitara eraman du gaia UGT sindikatuak. Gasteizko epaitegiak arrazoia eman dio sindikatuari, polizia izan nahi eta euskaraz ez dakitenenganako diskriminazioa argudio.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko irailaren 20a

2021ean du jatorria aferak. Orduko hartan, Irungo udaltzain izateko oposizioetan eskatzen zen euskara jakitea, baina euskara ez dakitenenganako diskriminatzailea dela iritzita, deialdia baliogabetu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak. Euskalgintzaren eta eragile ugariren kritikak jaso zituen ebazpenak, erabaki horrekin diskriminatzen zirenak Irungo herritar euskaldunak zirela ulertuta. Horren ostean, Polizia Akademiak B2 profilaren eskakizuna gehitu zuen EAEn udaltzain izateko lan poltsan, eta orain Gasteizko epaitegi batek dio polizia izateko ez dela halakorik behar.

“Euskaraz lan egiteko eta herritarrak euskaraz artatuak izateko eskubidea” urratzen du ebazpenak, ELA sindikatuak salatu duenez. Halako ebazpenei aurre egiteko, oposizioak eta instituzioz instituzioko lan poltsak proposatu ditu ELAk.

Euskal Herrian zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa bermatzeko, langile publikoek euskaraz jakitea funtsezkoa dela nabarmendu izan du euskalgintzak, behin baino gehiagotan.