argia.eus
INPRIMATU
Udaltzainak ere Taser pistola polemikoak erabiltzen hasi dira, lehenetarikoak Sestaon
  • Sestaoko Udaltzaingoa Taserra edo pistola elektrikoa erabiltzen lehenetarikoa da Hego Euskal Herrian. Sestaoko Udalak arma horietako bi erosi ditu.

Axier Lopez @axierL 2020ko azaroaren 27a

Arma horietako bakoitzak 3.500 euro balio du, eta kamera txertatuta daramate gainkaldean. Joan den udan erosi ziren, baina pasa den astean jaso zuten Saestaoko hogeita hamar udaltzainek Arkautin prestakuntza-ikastaroa erabili ahal izateko. Beraz, bi patruilak pistola bana eramango dute eta urtarriletik aurrera, beste hiru Taser pistola erostea aurreikusi dute.

"Pistola horiek ere hil egiten dute"

EH Bilduko eledun Mikel Izquierdok oso kritiko hitz egin du udalaren erabakiaz Tele7 katean: "Taser pistolak ere hil egiten du, arriskutsua da. Zein egoeratan erabiliko da? Botiloiak edo jende-pilaketak desegiteko erabiliko dute agenteek?".  Udalak ez duela informaziorik eman salatu du. Pistola horiek ez direla lehentasuna azpimarratu du, eta adibide gisa jarri du, pandemiagatik ostalaritzarako laguntzak oraindik ez direla banatu ere egin.

"Zer polizia-eredu bultzatzen ari dira? Tamalgarria da honetan lehenak izatea. Zergatik ez izan lehenengoak bizilagunekin enpatia izaten?", gaineratu du Izquierdok.

Pistola kritikatuak

Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak ere horrelako pistola elektrikoak erosi dituzte azken urteotan. Pistola horiek, "kontrolerako gailu elektroniko" izenekoek, elektrodoak jaurtitzen dituzte armari kable bidez lotuta; horrela, gorputzera iristean deskarga elektrikoa eragiten dute, eta horrek "oztopatu egiten ditu pertsonaren gihar- eta zentzumen-sistemara transmititzen diren nerbio-seinaleak, ezgaitzea lortzeko".

Asko dira pistola hauekin oso kritiko agertu diren erakundeak. Aurtengo ekainean Espainiako Arartekoak adierazi zuen gailu horiek erabiltzeak mina eta sufrimendua eragiten duela, eta, zenbait egoeratan, "tortura edo tratu txarrak eragin ditzaketela esan daitekeela". Arartekoaren esanetan, "arma horien erabilera zorrotz araututa egon behar da, eta gaitasun egokia jaso duten agenteek soilik erabil beharko lukete, gehiegikeriaz erabil daitezkeelako".

Amnistia Internazionalak argitaratutako txosten baten arabera, 2001 eta 2012 bitartean gutxienez 500 pertsona hil zituen Poliziak AEBetan arma hori erabilita. Euskal Herrian sonatua izan zen Delian Atkinson Realeko jokalari ohiaren hilketa: 2016ko abuztuan hil zuen Ingalaterrako Poliziak Taser pistola batekin.

Kataluniako Mossoek ere pistola hauek erabiltzen dituzte. Aste honetan bertan kasu hau asko zabaldu da sare sozialetan: