argia.eus
INPRIMATU
Udaltzain guztiek euskaraz jakitea eskatu du Kontseiluak, EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziari erantzunez
  • 2021ean EAEko udaltzain laguntzaileentzako lan-poltsa bateratua osatu zuten. EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du orduan ezarritako hizkuntza eskakizuna, B2 maila, alegia. Hizkuntza eskakizuna “neurrigabea” dela argudiatu du. Kontseiluak adierazi du EAEko udaltzain guztiek euskara jakin beharko luketela herritarren eskubideak defendatu ahal izateko.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 06a

2021ean du abiaburua gaiak. Behin-behinean udaltzain laguntzaile arituko ziren langileentzako lan-poltsa bateratua osatu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. B2 mailako hizkuntza eskakizuna ezarri zen. UGT sindikatuak helegitea jarri zuen eta Arabako Administrazio Auzitegiak helegitea onartu zuen. Auzitegiaren arabera, deialdi hark B2 maila aurkeztu ez zuten langileak diskriminatzen zituen. Arkautik helegitea jarri zuen Arabako Administrazio Auzitegiaren epaiaren aurka.

Orain, 2024ko irailean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du 2021ean ezarritako hizkuntza eskakizuna.

Sententziak dio “neurrigabea” dela lan-poltsako hautagai guztiei euskararen ezagutza eskatzea. Dio administrazio publikoarekin harremana euskaraz izateko eskubidea bermatu behar dela, eta horretarako ez dela behar udaltzain guztiek euskara jakitea. Bikote bakoitzeko batek eta bestelako udaltzainetako batzuek jakitea nahikoa dela dio. Kontseiluak azpimarratu du epai honen ondorioz lanpostu bakar baterako ere ez dela beharrezkoa izango euskaraz jakitea.

Kontseiluaren ustez, oso larria da, “bereziki euskara eskakizuna duten postuak ordezkatzeko dagoen ezintasun nabarmena kontuan izanik”. Eta gaineratu du herritarrak zaurgarritasun egoera batean daudenean artatzen dituen zerbitzu publiko bati buruz ari direla.

Kontseiluak gogorarazi du Auzitegiak “euskararen normalizazio prozesuaren aurkako oldarraldi judizialaren bidez garatzen joan den jurisprudentzia berria darabilela argudio gisara, hain zuzen, 2021eko Irungo udaltzainen auziko sententzia”. Irungo sententziak ebatzi zuen udaltzain guztiek ez zutela zertan jakin euskara, eta ezarritako hizkuntza eskakizuna baliogabetu zuen.