argia.eus
INPRIMATU
“Udaletxea bakarrik dago Auzolana pilotalekua eraisteko asmo horretan”
  • Txapa Ahotsa Asanbladak kudeatzen duen Auzolana pilotalekua dagoen tokian Gasteiz Antzokia eraiki nahi du udal-gobernuak, Eskoriatza-Eskibel etxadian. Lazarraga Kultur Elkartea da kafe antzokiaren sustatzaile nagusia, eta Gasteizko Udalari eskatu dio Auzolana pilotalekua ukitu barik eraikitzeko proiektua.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 12a
Proiektuan inplikatuta dauden mugimenduekin hitz egindakoa azaltzeko prentsaurrekoa eman du Txapa Ahotsa asanbladak (Arg:Txapa Ahotsa asanblada)

Irailetik, Udalaren proiektuan inplikatuta dauden pertsona eta taldeekin hitz egiten egon da Txapa Ahotsa Asanblada, iritziak partekatzeko asmoz. Gasteizko euskalgintzan eta auzogintzan diharduten pertsona eta mugimendu guztiek ulertzen dute Antzokia ezin dela Auzolana pilotalekua eraitsita eraiki, asanbladak urtarrilaren 11n emandako prentsaurrekoan azaldu duenez.

Antzokiaren sustatzaile nagusia den Lazarraga Kultur Elkartearekin ere bildu da Txapa Ahotsa. Eskoriatza-Eskibel etxadia leku aproposa iruditzen zaio elkarteari Antzokia eta Euskaren Etxea eraikitzeko. Bestalde, Auzolana pilotalekuak okupatzen duen espazioa proiektutik kanpo gelditzeko eskatu dio udal-gobernuari, eta proposamen horrekin bat azaldu da EH Bildu.    

Hortaz, Auzolana eraisteko asmo horretan EAJren udal-gobernua bakarrik dagoela azaldu du asanbladako kide den Zigor Olabarriak Hala Bedi irratiak egindako elkarrizketan. Esan duenez, frontoia eraisteko aurrerapausoak ematen ari da Udala, inorekin kontaktatu gabe, eta proiektua lehiaketan ateratzeko beharrezko dokumentazioa osatzen joan da isilpean.

 “Gasteizen badago bi proiektuentzako espazio nahikoa”

Txapa Ahotsaren ustez, “Auzolana pilotalekua edo Antzokia dikotomia faltsua saldu nahi izan du udal-gobernuak”. Hirian bi proiektuentzako espazio nahikoa dagoela azaldu du asanbladak, eta beraz, “ez duela ez hanka ez bururik proiektu berri bat eraikitzeak, jada martxan dagoen beste baten kaltetan”.