argia.eus
INPRIMATU
Aranzadik argi utzi du udaletako oroimen webguneak “alderdi guztien kontsentsua” lortuta egin direla
  • Galdakaoko PSE-EEko zinegotziak gertuko oroimena jasotzeko udalaren webguneaz egin salaketari erantzun dio Javi Buces Arazandiko kide eta webgunearen sortzaileak. Bere esanetan sufrimendu ezberdinak jasa dituzten biktimen bereizketa "argi" dago, eta zinegotziari berari eman zizkion aurretik azalpenak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko apirilaren 13a

Hauteskundeen atarian kokatu du Javi Buces Aranzadiko kideak Galdakaoko PSE-EEko zinegotziaren salaketaren ostean sortu den polemika, Aranzadik oroimen historikoa eta gertuko oroimena jasotzeko hainbat udaletan egin duen webgunea dela-eta. 

Naiz Irratiari azaldu dionez, webgunea "alderdi guztien kontsentsua" lortu ondoren egin zen Galdakaon, udalak Aranzadiri eskatuta, baita antzeko webguneak dituzten beste udaletakoa ere, Hernani, Azpeitia eta Tolosakoa kasu. Hala, alderdi sozialistan "jarrera aldaketa" atzeman du orain Bucesek.

PSE-EEko zinegotziaren ustez ETAren biktimen ondoan "ETAren terrorismoa" egin dutenak azaltzea "iraina eta umiliazioa" ekartzen die biktima horiei. 

"Haiek bazekiten ze metodologia erabiltzen zuen Aranzadik. Aspalditik datorren sailkapen bat da, ez da Aranzadik asmatua. 2014an sortu zen hainbat elkarteren eta erakunderen artean, eta oinarrizko kontsentsu bat lortzeko sailkapen hori erabiltzen da", azaldu du.

Bucesen arabera, webguneak "argi" bereizten ditu giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimak eta beste sufrimendu batzuk jasan dituztenak. Nazioarteko zuzenbideak egia, justizia eta erreparazioaz dioena kontuan hartzen du Aranzadik erabilitako metodologiak, eta hori pertsonalki azaldu zion zinegotzi sozialistari duela hilabete berarekin harremanetan jarri zenean, Bucesek jakinarazi duenez. Harrituta agertu da orain sortu den zalapartarekin.

"Guk ez dugu gure metodologia aldatu, baina posible da aldatzea eztabaida sakon bat baldin badago. Hala ere, orain arte ez da oztoporik izan". Hauteskundeak eta gero giroa baretu eta lanean "berriz hastea" espero du Bucesek, udalerri askotan "oso ondo funtzionatu duen" tresna delako bere esanetan.