UEMAk argitaratutako txostenaren arabera, herri euskaldunenetan izan da galera handiena: etxeko erabilera %81 izatetik %59 izatera igaro da hogeita hamar urtetan. UEMAtik kanpoko udalerriek, berriz, hobetu egin dute euskararen egoera soziolinguistikoa. Datuak aurkeztearekin batera, aztertzaileek egiturazko neurriak exijitu dituzte, egoerak oraindik eta okerragora egin ez dezan.
Udalerri euskaldunek euskararen ezagutzaren galera nabarmena izan dute azken hamarkadetan EAE Euskal Autonomia Erkidegoan, eta are gehiago jaitsi da erabilera. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak argitaratu ditu datuok biltzen dituen txostena asteazkenean, eta kezka agertu du euskararen arnasgune diren herrien desagertzeko arriskuagatik. Ezagutza gutxitu da, etxeko erabilerak behera egin du, eta lehen hizkuntza moduan euskara zutenen ehunekoa ere txikitu da.
Herri euskaldunetan, ezagutza %73 inguruan mantendu da 1991tik, baina etxeko erabilera %54tik %41era jaitsi da. Are larriagoa da arnasguneetan: ezagutza nabarmen jaitsi da, eta erabilera %81 izatetik %59 izatera igaro dira. Alegia, geroz eta euskaldunago izan duela 30 bat urte, orduan eta galera handiagoa izan dute ezagutzan eta etxeko erabileran.
Joan den maiatzean, Soziolinguistika Klusterrak euskararen kale erabileraren datuak argitaratu zituen, eta eremu euskaldunenetan jaitsi egin zela nabarmendu zuen.
Herri euskalduntzat hartzen ditu UEMAk biztanleen %70 baino gehiagok euskara menperatzen badu. Beste maila bat ere ezartzen du, euskararen arnasguneak: %80 baino ezagutza handiagoa dutenenek osatzen dute. 2021eko euskararen egoera soziolinguistikoa aztertu dute, eta horretarako Eustaten Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuan oinarritu da. Hortaz, datuok EAEra mugatzen dira. 1991ekoekin alderatu dituzte.
Euskara lehen hizkuntza ere gutxiagok
Joera berdina izan du lehen hizkuntzaren tasak. Biztanle euskaldunek geroz eta gutxiago dute euskara lehen hizkuntza gisa. UEMAk asteazkenean argitaratutako txostenaren arabera, euskararen egoera soziolinguistikoa aldatzearen atzean daude faktore hauek: batetik, herri euskaldunetan lehen baino erdaldun gehiago –euskaraz ez dakitenak– bizi direla; eta bestetik, euskaldunen hizkuntza eta gizarte ohiturak aldatu izana.
Kontrara, euskaldun gutxien biltzen zituzten EAEko herrietan hazi egin dira ezagutza eta erabilera azken urteetan. Hala, gehiago dira biztanleen %70ak euskara menperatzen duten herriak, eta beraz, euskalduntzat jotzen dira: 129 dira, EAEko udalerrien erdia baino gehixeago. Igoera izan duten herriak Araban, Bizkaia mendebaldean eta Donostia inguruan kokatzen dira.
Datuon harira, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak ondorioa garbia dela uste du: euskararen arnasguneak "hauskorrak" direla, eta hortaz, ezin dela lasaitu. Ezinbestekoa da egiturazko neurriak ezartzea, Lazkanoren ustez, eta hizkuntza politika sendoak hartzea, esparru guztietara zabalduko direnak.