argia.eus
INPRIMATU
Udalerri euskaldunen garrantzia nabarmendu du UEMAk Azpeitiko ekitaldian
  • Lau udal berri sartu dira mankomunitatean: 101 dira orain. Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak udalen garrantzia azpimarratu du ekitaldian, eta "urgentziazkotzat" jo du erabileraren eta ezagutzaren arteko aldea iraultzea.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 27a
UEMA osatzen duten 101 udaletako ordezkariak. (Argazkia: Alberto Beloki - UEMA)

Udal Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) batzar nagusia eta ekitaldia egin ditu larunbatean Azpeitian, "udalerri euskaldunen garrantzia nabarmentzeko eta herri honek euskarari eusteko egindako bidea omentzeko". Goizean batzarra egin dute udalerri euskaldunetako ordezkariek, eta lau udal berri onartu dituzte mankomunitatean: Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Etxebarria eta Doneztebe. Horiek batuta, 101 dira orain.

Batzarraren ostean ekitaldia egin dute Soreasu antzokian UEMA 100 udal eta hamaika gehiago, bidea zabaltzen lelopean. Bertan, udalerrietako ordezkariez gain, alderdi politiko, erakunde eta euskalgintzako elkarteetako hainbat ordezkari elkartu dira. Ilaski Serrano eta Antton Telleria kazetariek aurkeztu dute ekitaldia, eta bertan izan dira Estitxu Pinatxo, Ines Osinaga, Jon Maia eta Imanol Epelde ere.

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak herri euskaldunen garrantzia nabarmendu du, eta euskara indartzeaz gain, "bideak zabaltzeko ardura" ere  badutela azpimarratu du. Handitu egin da azken urteetan euskararen ezagutza, baina ez da proportzio berean hazi haren erabilera. Horren aurrean, lehendakariak adierazi du "ezinbestean irauli" beharra dagoela ezagutzaren eta erabileraren aldeko aldea.

Udalen garrantzia alde batera utzi gabe, "lehentasunak eta urgentziak beste leku batean" daudela nabarmendu du. "Mugitu egin behar dugu: inertzia erdararen aldekoa da, eta egoerak mugitzea eskatzen digu, berandu izan baino lehenago, eta euskara erabat bigarren mailakoa bihurtu baino lehenago”.