argia.eus
INPRIMATU
Udalerriek euskararen normalizazioan duten zeregina aldarrikatuko dute ekainaren 14an Tolosan
  • Orain arte UEMA Eguna deitu izan den jaiak izen berria hartuko du. Aurten udalerriak bihurtu nahi dituzte protagonista eta horregatik, Udalerri Euskaldunen Eguna bihurtu da herri euskaldunen pizgarri izan nahi duen jaia.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko maiatzaren 09a
Udalerri Euskaldunen Eguna aurkeztu dute Tolosan. (Argazkia: Europa press)

Maren Belastegi UEMAko lehendakariak azaldu du egunaren izaera aldatzea erabaki dutela: “Euskararen normalizazioan udalerri euskaldunek egin dezaketen ekarpenak elkarlanerako eremu zabalagoa behar dute”.  

Udalerri euskaldunek euskararen geroan duten zeregin garrantzitsua lau haizetara zabaldu nahi dutela azaldu du Belastegik jaiaren aurkezpenean. Euskararen aldeko konpromisoak sustatu nahi dituzte, hizkuntzaren normalizaziorako ekarpena eginez.

Tolosan izango da jaia eta herriko elkarteak ari dira antolatzen eguna. Egun horren aurretik hitzaldiak eta bestelako ekintzak egingo dituzte, beti ere euskara ardatz izanik.