Aizue, zuek gorde duzue txamarra potoloa? Ni oraindik ez naiz ausartu, baina bai atera dudala zira armairutik biak eskura izateko, etxetik atera baino lehen leihotik begiratu eta bata edo bertzea hartu erabakitzeko. Badira ni baino aise ausartagoak, doike! Berriki hasi naiz ikusten haur batzuk nola doazen eskolara bidean goiz-goizean, oraindik fresko ari duelarik, galtza motzetan. Ez natzaizue eguraldiari buruz arituko, afera da horrek burura ekarri didala txikitan eguraldia epeltzen hasi orduko hasten ginela udalekuetan pentsatzen. Zuek joaten zineten? Ni bai.
Ez pentsa afera hutsala denik, nik Hondarribian, Bidarraien eta Alkizan ezagutu nuen Euskal Herria edo, bederen, euskaldunak. Amari "zenbat lo?" galdetu eta, adinean goiti egin ahala, geroz eta egonaldi luzeagoak egiten uzten zigun. Zazpi edo hamar eguneko mikromundu horietan ni bezalako jendea ezagutzen nuen, baina aldi berean arras desberdina zena: zer ziren artaziak edo okela? Nola ez zietela uzten eskolara bakarrik joaten? Gugghen... zer? Munduaren bertze puntara joanak ginela iruditzen zitzaigun eta abentura ausarki ekartzen genituen bueltan, gero gutun-trukean elkarri kontatzeko. Nik Atarrabiako gutun-lagun bat izan nuen eta kronika zirraragarriak bidaltzen zizkidan metropoliko bizitzari buruz.
Orain ez naiz udalekuetara joaten, ez dagokit adinean goitiegi egin omen dudalako, baina inbidiaz begiratzen diet aukera dutenei. Adibidez, Gasteizen uztailaren 17tik 21era eginen den HIGAra, alegia Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen topaketara, joanen direnei, irakurri baitut izen emate epea ireki berri dutela. Bertan bilduko dira munduko hizkuntza gutxituetako aktibista diren 75 gazte eta "bortz lo" ez dakit eginen dituzten, baina bortz eguneko programa sozio-kulturala bai prestatu dietela.
Ez dakit antolatzaileak ados egonen diren, baina funtsean HIGAk udalekuen espiritu berbera duela iruditzen zait niri. Etxetik hurbil mundu berriak deskubritzeko aukera, batetik; gainera, hain urruneko gazteak ezagutu eta konturatzea aldi berean zaretela arras iduritsu eta ezberdin, alegia testuinguruak akaso ez duela zerikusirik, baina gogo, kezka eta itxaropen berdintsuak dituzuela funtsean. Bortz egun hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta bisitak zukutzeko, modu anitzetan ikasteko, harreman berriak egiteko, sareak egiazki sozial izan daitezen eta uda akitu ondotik elkarri kronika zirraragarriak helarazteko, bertze norbaiten egunerokora leiho bat ireki eta bere "normaltasunak" liluratu zaitzan.
Dagoeneko hasi bazara izen emate formularioa betetzen, kasu. Webgunean argi erraten dute bi baldintza bete behar direla HIGAn parte hartzeko: bat, hizkuntza gutxitu bateko hiztun izatea; hori betetzen duzula badakit. Baina gaztetasuna ere definitu dute antolatzaileek eta, segur aski, adinaren muga estuegia izanen da batzuentzako: badituzu 18 eta 35 urte artean? Baietz bada aukera duzu udalekuen bisa eskatzeko; zeren, baga udalekuak, biga Euskarabentura eta, orain, HIGA!