Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea”.
Aisialdia eta euskal kultura izango dira Salto! udalekuetako ardatzak. Gazteak euskararen inguruan sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi dituzte, eta euskaraz bizi diren gazteen artean harremanak egitea nahi dute antolatzaileek.
Astebeteko bi udaleku ibiltari antolatu dituzte. Bata ekainaren 24tik uztailaren 2ra egingo da, eta bestea uztailaren 4tik 12ra.Txanda bakoitzean 60 gaztek hartu ahal izango dute parte. 2006 eta 2009 urteen artean jaiotakoek eman dezakete izena. Bi txandetan ibilbide bera egingo dute Nafarroan zehar. Arantzatik Elizondora joango dira oinez, tartean Donezteben eta Oronoz-Mugairen geldialdiak eginda. Martxoaren 31n bukatuko da izena emateko aukera.
UEMAk urteak daramatza sentsibilizazioa lantzen
Azken urteotan, UEMAk ildo nagusietakotzat du herritarrak euskararen inguruan kontzientziatzea eta sentsibilizatzea. Hedatu hezkuntza proiektua du horretarako. Horrez gain, UEMAko teknikariak ikastetxetan ari dira lanean, hasi Haur Hezkuntzan eta Batxilergora arteko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. UEMAren helburua da udalerri euskaldunak giltzarriak direla azpimarratzea, eta gazteei ikusaraztea euskararen normalizazioan duten garrantzia.