argia.eus
INPRIMATU
Udaleku publikoak mantentzea erabaki duten herriak badira
  • Udaleku publikoak ixteko Jaurlaritzak egindako eskaria berez gomendioa dela baliatuz, Oñatiko Udalak erabaki du udalekuak ez ixtea eta Donostiakoak eta Pasaiakoak berriro zabalduko dituzte, egoera berraztertu ondoren. “Haurren ongizatea da oinarrizko premisa”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko uztailaren 22a

Neurri eta protokolo zorrotzak mantenduz, zergatik itxi haurren udalekuak? Umeak jolasteko eta sozializatzeko espazio seguruak prestatu dituztela dio Oñatiko alkateak, eta zaintza eta kontziliazioari begira zerbitzu inportantea direla gainera. Koronabirusari lotuta herriko datuak ez dira kezkagarriak, eta etorkizunean hala balira, "udalekuak ixtea bakarrik ez, zerbitzu gehiago itxi behar al diren ere baloratu beharko genuke".

Pasaiako Udalak itxi egin zituen astelehenean herriko udalekuak, Jaurlaritzaren eskaerari men eginez, baina egoera berraztertu eta ostegunean berriz zabaltzea erabaki dute, ikusirik “inoiz baino beharrezkoago” dituztela haurrek udalekuak. Gainera, EAEko udalekuetan betetzen ari diren neurri zorrotzek (tenperatura hartzea, desinfekzioa, maskara, talde txikiak, instalakuntzen garbiketa, herritik ez irtetea…) ahalbidetzen dute zerbitzua. Berdin pentsatu dute Donostian: "Oporretan euskaraz" udalekuak martxan jarri ditu Udalak asteazken honetan.

Hain juxtu, udaleku pribatuek ez dituzte ateak itxi, ez behintzat gehientsuenek; ze logika du haur batzuk udalekurik gabe uzteak eta beste batzuk ez?

Haurrak, diskriminatuta

Jaurlaritzaren agindua kritikatu genuen astelehenean, foku ugariren epizentro izan diren taberna eta terrazek (baita lantokiek, dendek, turismo guneek…) zabalik segituko duten arren, udalekuak ixteko hartutako erabakia diskriminatzailea delakoan. Gainera, alternatibak ez dirudi askoz hobea, udalekurik gabe geratu diren haur askok amona-aitonekin pasako dituztelako orain orduak, hain juxtu arrisku taldean diren pertsonekin, eta sarri udalekuak baino seguruago ez diren eremuetan (haur-parkeak, hondartza…).