argia.eus
INPRIMATU
Udalek ez dute inolako informaziorik jaso Hernani eta Goizueta arteko makrozentral eolikoaz
  • Euskal Herriko zentral eoliko handienetako bat izan daitekeena egin nahi dute Goizueta, Arano eta Hernaniko lurretan. Sustrai Erakuntzak salatu du tramitazioa Madrilen ari direla egiten, “herritarrengandik urrun”. Kalteturiko udalek, aldiz, ez dute proiektuaren inguruko inongo informaziorik jaso.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko apirilaren 20a
Inguruaren ikuspegia Aranoko gainetatik.

Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan, Euskal Herrian orain arte egin den eolikoen poligono handienetakoa eraiki nahi dute, Goizueta eta Hernani artean, Adarra eta Mandoegi gailurrek osatzen duten mendizerran.

Sustrai Erakuntzaren arabera “bai proiektuaren dimentsioengatik, bai autonomia-erkidego desberdinei eragiten dielako, Madrildik egiten ari dira tramitazioak”. Halako proiektuek 50 MWtik gorako potentzia badute, Madrilen tramitatu behar dira, eta Berria egunkariak argitaratu duenez Goizueta eta Hernani arteko makrozentralak 100 MWeko potentzia edukiko luke.

Orain arte aurreikusi diren parke eolikoen tamainaren bikoitza edukiko luke Nafarroa eta Gipuzkoa artekoak. Esaterako, Araban, Azazetan eta Laminorian bi zentral jarri nahi dituzte elkarren ondoan, eta bien artean 80 MWko potentzia edukiko lukete. Nafarroan, Iruñerriaren iparraldean tamaina handiko 56 haize errota jarri nahi dituzte elkarren ondoan, bakoitza 4 MWko potentziarekin, baina zentral ezberdinetan banatuta.

Hernani, Arano eta Goizuetako udalek ez dute inolako informaziorik jaso euren natur eremuak kaltetu ditzakeen makrozentralaren inguruan. El Diario Vasco egunkariak galdetuta, Hernaniko Udalak azaldu du e-posta bat jaso zutela otsailean FE Energy aholkularitzaren partetik, eta saiatu direla bilera bat egiten baina ez dutela erantzunik jaso.

Adarra eta Mandoegiko  estazio megalitikoak Euskal Herriko historiaurreko trikuharri eta cromlech monumentu kontzentrazio handienetakoa biltzen du

Adarra eta Mandoegiko eremu horiek natur eta kultura ondare baliotsua gordetzen dute. Hango estazio megalitikoak, Euskal Herriko historiaurreko trikuharri eta cromlech monumentu kontzentrazio handienetakoa biltzen du.

Hainbat animalia espezieren babesleku ere bada –esaterako galzorian den betizu behi arrazarena–, eta Urumeako aldeko bailaretan landare espezie endemikoak kontserbatzen dira. Aiako Harria parke naturalaren eta Leitzarango biotopo babestuaren artean, korridore ekologiko funtzioa egiten du espazio horrek, adituak diren biologoen esanetan.

Nor dabil Adarra-Mandoegin lurreratu nahian?

Madrilen ari dira tramitatzen isilpean proiektua, eta atzean dagoen enpresaren izenik ere ez du eman nahi izan FE Energy aholkularitzak. “Ez dago ezer konkretua, ezta eskaera formalik ere”, argudiatu du.

Aholkularitza hori Enpresa Eolikoen Elkarteko (AEE) kide da; elkarte pribatu horrek biltzen ditu Espainiako Estatuko energia enpresa garrantzitsuenak, Siemens Gamesa, Acciona, Endesa, Iberdrola, eta beste hainbat.

Duela bi hamarkada Mandoegin beste parke eoliko bat eraikitzeko proiektua zegoen, eta administrazioaren oniritzia ere jaso zuen, baina krisi ekonomikoarekin bertan behera geratu zen. Orain, Eusko Jaurlaritzaren Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren dokumentuetan, “gune garbi optimo” bezala katalogaturik dagoen kilometro askotako alineazioa ageri da Nafarroa eta Gipuzkoa arteko muga horretan, ARGIAk aurreratu zuenez.

Sustrai Erakuntzak halako proiektuek dakartzaten ondorioen inguruko balorazioa egin du: “Hedapen berriztagarri horrek ez du zerikusirik gizarte-premiei erantzuteko beharrezkoa den plangintza demokratikoarekin: zenbat energia behar dugun, zer motatakoa, non, nork hornitu eta kudeatu behar duen. Eta, aldi berean, energia fosilaren kontsumoa aurrezteko eta murrizteko neurriekin batera etorri behar du: nola antolatu eguneroko joan-etorriak, nola arindu eta ordezkatu nekazaritzako eta abeltzaintzako industria-eredua, nola sustatu lurralde-oreka handiagoa, nola birplanteatu industria-eredua, nola hartu enplegua eta erreprodukzio-lanak banatzeko neurri erradikalak, eta hori guztia biodibertsitatearen eta gure ekosistemen zaintza eta babesa integratuz”.

Botere aparatuek “inperatibo ekologikoa” bere egiten dutenean, euren agintea indartzeko baino ez duela balio zioen André Gorz kazetari eta ekologistak, eta ondorioz, ekologia politikoak kapitalismoa bera jarri behar duela auzitan, hori gertatu ez dadin. Hortaz, kasu honetan, zein dira kapital eta etekin gehiagoren bila Euskal Herriko mendikateetan lurreratzen ari direnak?