argia.eus
INPRIMATU
Udalek espresuki euskaraz jardutea baliogabetu du Gorenak
  • EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko apirilaren 11
Euskalgintzaren Kontseiluak 2023ko maiatzean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean eginiko elkarretaratzea, Bilbon. Kontseilua

Eusko Jaurlaritzak gertatutakoaren zenbait xehetasun eman dizkio Berria egunkariari, eta jakinarazi du aurkeztu zuela kasazio errekurtso bat. PPk Auzitegi Gorenari errekurtso hori ez onartzea eskatu zion, epez kanpo zegoela argudiatuta. Eta Gorenak, azkenean, PPren eskaera onartu du eta EAEko udaletan euskararen erabileraren lehentasuna arautzen zituen hainbat artikulu baliogabetu ditu.

2023ko urriaren 19an, EAEko Justizia Auzitegiak PPren helegiteari men egin eta udal legea euskararen arloan garatzen duen 179/2019 dekretuaren 18.1, 18.2 eta 33.5 artikuluak baliogabetu zituen. Artikulu horiek arautzen dute, besteak beste, udalen barne dokumentazioa euskaraz nahiz gazteleraz egitea, baina aktak euskara hutsean idazteko aukera dagoela. Erabaki hori hartu zuen epaileetako bat argudiatu zuen gaztelera eta euskara EAEko bi hizkuntza ofizialak izanik, ezin dela "lehenetsi" bietako bat.

VOXek abiarazitako auzibidean arreta jarrita

Jaurlaritzak, ordea, adierazi du Gorenaren erabaki hau ez dela "erabakigarria" euskararen erregulazioaren etorkizunerako. Izan ere, garrantzia gehiago ematen dio Voxek ere abiarazita duen auzibideari. Alderdi politiko berak ezarritako helegite batengatik, EAEko Justizia Auzitegiak 2023ko urriaren 17an ebatzi zuen euskararen arloko udal dekretuaren kontrako lehen epaia: 9.2 artikulua, 11. artikuluaren lehenengo atala eta 12. artikulua baliogabetu zituen.

Jaurlaritzak azaldu du oraingoz ez duela "intzidentziarik" izan auzibide horretan, eta aurreratu dute laster espero dutela ebazpena: "Espero dugu gai honen inguruan laster behin betiko epaia izatea, egonkortasuna berreskuratu dezagun eta dekretua indarrean mantendu dadin".