argia.eus
INPRIMATU
Udalei azpiegitura handien inguruko eskumena kendu nahi dien ‘Tapia Legea’-ren aurka mobilizatzera deitu dute
  • Lurralde Antolamenduaren Legea moldatu nahi dute EAJk eta PSEk, “Interes Publiko Goreneko” proiektuen inguruko erabakiak udalei kendu eta Jaurlaritzari emanez. Moldaketaren aurka mobilizatzera deitu du Araba Bizirik plataformak, abenduaren 2an.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2021eko azaroaren 29a
Mobilizazioa iragartzeko prentsaurrekoa. Argazkia: Araba Bizirik

Helburu bakarra du Arantza Tapiak publikoki defendatu duen moldaketak, Araba Bizirik plataformaren esanetan: “Udalek baztertu ahal izan dituzten azpiegituren plangintzen onespena Eusko Jaurlaritzaren esku bakarrik uztea”. Araba Bizirik plataforman AHTaren eta parke fotovoltaiko zein eoliko handien aurkako mugimenduak batu dira, besteak beste, eta lege moldaketak zuzenean eragiten diela salatu du: “Gasteizek berriro ere frackingaren mehatxua du ate aurrean; kontzejuek, instalazio zentral eoliko edo fotovoltaikoek dakarten lur komunalen desjabetzeari edo AHTaren trazadurari aurre egin diotenek, berriro ere mehatxu bera dute aurrez aurre”. Mehatxua Arabatik harago doala azpimarratu du plataformak, halere: “Gipuzkoan eta Bizkaian erraustegiak jartzeko proiektuak edo goi-tentsioko sareen trazadura Eusko Jaurlaritzak dituen lehentasunen adibide garbiak dira”.

Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea eta Eudeleko presidentea

Iragan ostiralean, Gasteizko Udaletxeko osoko bilkuran, legea izan zen eztabaidagai, eta EH Bildu, Elkarrekin eta PP alderdiek bat egin zuten moldaketaren aurkako mozio batean. Mozioa onartu egin zen hiru alderdien baturak gehiengoa osatzen duelako, baina EAJk eta PSEk aurka bozkatu zuten. Gasteizko alkate eta Eudeleko presidente Gorka Urtaranen jarrera kritikatu du Araba Bizirik plataformak: “Gorka Urtaranek argi eta garbi utzi du bere jarrera; Gasteizko Alkatetzaren lehendakaritzan aritu ordez, EAJren aginduak aintzat hartu besterik ez baitu egiten”. 2020ko abenduan Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu zion Jaurlaritzari Gasteizko Udalak. Arantza Tapiak erabakia kritikatu zuen eta berak gidatzen duen sailak helegitea aurkeztu zuen udalaren erabakiaren aurka. Urtaranek udalaren erabakia defendatuko zuela adierazi zuen.

Mobilizazioa ostegunean

Lege moldaketa gelditzea eta “bere garaian aho batez onartutako Lurraldearen Antolamendurako Legean lortutako adostasuna errespeta dadila” eskatu du Araba Bizirikek. Helburu horrekin deitu ditu Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko herritarrak mobilizatzera, abenduaren 2an, goizeko 11:00etan, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, “Tapia legeari ez!” lelopean.