argia.eus
INPRIMATU
Udalbiltza Zuberoan: gasnategi batekin akordioa itxita eta Alozeko ikastola bidean
  • Udalbiltzak Pirinioak sendotzen programaren baitan lehen ekimena aurkeztu du Maulen. Azkorria gasnategiarekin akordioa sinatu du eta era berean Alozeko ikastolari diru laguntza bat ematea aztertuko du.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko otsailaren 21
Gasnategiko, Alozeko ikastolako eta Udalbiltzako kideak Mauleko Herriko Etxean elkartu dira proiektua aurkezteko. Argazkia: Udalbiltza.info

Aizkorria gasnategiarekin mailegu kontratu bati buruzko akordiora iritsi da Udalbiltzak jakinarazi duenez. “Mendialdean lan egiten, eremu txikiko etxaldeak laguntzen, herriari loturiko laborantza garatzen eta ingurumena babesten segitzeko, Udalbiltzak ekonomikoki laguntzea erabaki du”, azaldu du Daniel Olzomendik, erakundeko lehendakariordeak. Mailegu gisa 10.000 euro utziko dizkiote gasnategiari, 2016an eta 2017an itzultzeko baldintzarekin.

Alozeko ikastolaren kasuan, 6.000 euroko diru laguntza ematea aztertuko dute Garapen eta Kohesio Fondoaren Kontseilu Orokorrak egingo duten hurrengo bileran. Orain arte Zazpiak Bat sareak ematen zion diru laguntza ikastolari eta honen lekukoa hartuko luke Udalbiltzak proiektua aurrera ateratzen bada. “Ipar Euskal Herriko ikastolek sekulako lana egiten dute euskarazko hezkuntza jaso dezaten haur eta gaztetxoek”, baieztatu du Olzomendik.

Pirinioak sendotzen

“Euskal Pirinioetan lan eta bizi” egitasmoa martxan jarri zuen Udalbiltzak joan den urtarrilean. Garapen ekonomiko eta sozialerako egitasmoa Baxe Nafarroa, Xiberoa eta Nafarroa Garaian eragina izatea du helburu. Proiektuak bost laguntza programa abiatuko ditu, eta horretarako bertako instituzio, eragile eta herritarrekin hitz egingo du nazio erakundeak.