argia.eus
INPRIMATU
Artziniegako Udalaren txosten juridiko batek zalantzan jartzen du ur partzuergoaren disoluziorako jarraitutako prozedura
  • Kantauriko Urkidetza partzuergoaren etorkizuna ebazteko ezohiko batzarra egingo dute ostegunean. Artziniegako Udalak eskatutako txosten baten arabera, partzuergoaren disoluziorako jarraitutako prozesuak ez du oinarri juridikorik.

Aiaraldea @aiaraldea Aimar Gutierrez Bidarte 2020ko abenduaren 10

Sei hilabeteko atzerapena eskatu zion Artziniegako Udalak Kantauriko Urkidetzari azken honen etorkizunaren gaineko erabakia hartzeko. Ostegun eguerdian da ospatzekoa hori ebazteko ezohiko batzarra eta, tokiko erakundeak aurkeztutako txosten baten arabera, disoluzio prozedura partzuergoaren estatutuen aurkakoa da.

Urbide partzuergoan sartzeko erabakia hartu aurretik proposamena bera aztertzeko denbora eskatu du Artziniegako Udalak, Joseba Vivancok azaldu duenez. Alkatearen iritziz, “presaka etorri da partzuergoa disolbatzeko erabakia, mahaiaren gainean dauden aukerak aztertzeko tarterik gabe”.

Txosten juridikoa mahaiaren gainean

CAKUren etorkizuna ebazteko erabakia sei hilabetez atzeratzeko mozioa onartu ostean, txosten juridikoa enkargatu zuen Artziniegako Udalak partzuergoaren disoluzioa ebazteko jarraitutako prozeduraren zilegitasuna aztertzeko.

Izan ere, CAKUko lehendakaritzak eta gobernu batzordeak partzuergoa osatzen duten entitateei luzatu zien hau disolbatzeko erabakia. Partzuergoko estatutuek, ordea, erabaki hori entitateek soilik proposatu dezaketela zehazten du. “Goitik behera etorri da behetik gora hartu beharreko erabaki bat” azaldu du Vivancok.

Hain zuzen, hori ondorioztatzen du txosten juridikoak: lehendakaritza zein gobernu batzordea ez dagozkien eskumenez baliatu direla partzuergoa desegiteko.

Alternatiba posibleak

Udalak salatu du tokiko erakundeei bi aukera baino ez zaizkiela planteatu Kantauriko Urkidetzaren disoluzioaren aurrean. Partzuergoaren estatutuek, ordea, bestelako alternatibak ere planteatzen ditu. Esaterako, maila ezberdinetan dauden bi entitatek partzuergoaren disoluzioari uko egingo baliote, partzuergoan mantentzeko eskubidea izango lukete.

Aukera hori aztertu nahi dute Artziniegan, Arabako Foru Aldundiak sustatutako Urbide partzuergora batu aurretik.

Bilera, ostegunean

Ostegunean 13:00etan egingo da CAKUren ohiko batzarra eta jarraian, 14:00etan, disoluzioa bozkatuko duen ezohiko bilkuran. Txosten juridikoa mahai gainean egonda, aldiz, beste egoera bat planteatu ahalko litzateke, udalaren aburuz: bozketa eten eta partzuergoaren etorkizuna sei hilabete atzeratzea.