argia.eus
INPRIMATU
Arrasateko Udalak onartu zuen lehiaketa barik, 18.000 euro ordaintzea Gipuzkoako EAJren kargu baten enpresari, karpa zerbitzu batengatik
  • Lehendakaritzako Memoriaren Institutuak (Gogora) 2016an Arrasateko Udalari adierazi zion Montai taldea kontratatu zezala eta ordain ziezaiola, ‘Memoriaren Plaza’ erakusketako karpa zerbitzuaren truke.

Mondraberri @mondraberri 2020ko otsailaren 11
Gogorak Arrasaten jarritako karpa (Argazkia: Irekia)

Montai taldea Gipuzkoako EAJ-PNVren kargu batek zuzentzen zuen, Aitor Elorzak, eta talde horren sozietateetako bat Estali La Karpa deitzen zen. Halaber, Memoriaren Institutua Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren erakunde bat da.

Eldiario.es-ek informatu duenez, Jaurlaritzako institutu horren instrukzioei jarraituz, Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak zuzeneko esleipen bat formalizatu zuen, lehiaketarik gabe, Estali La Karpa sozietatearekin. Horren ondorioz, Udalak 15.500€ ordaindu zizkion (18.755€ BEZ-a barne) erakusketako karpa zerbitzuaren truke.

Garai hartan Estali La Karpak ez zuen langilerik, ezta baliabiderik ere. Karpa, benetan, Asturiasko enpresa batek hornitu zuen, Langreana de Carpas izenekoak.

Arrasatek eta beste zazpi udalerrik hartu zuten Memoriaren Plaza erakusketa ibiltaria 2016an. Esposizio hau Gogora Institutuak antolatu zuen, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren erakundeak, Aintzane Ezenarrok zuzendurik.

Ordutik, Montai taldeak denera 68 esleipen jaso ditu, denera 700.000€ jasoz, eta horietako 63 esleipen nahierara egin ziren.

Estali La Karpa kontratatu zuten udalak zazpi izan ziren, hau da, erakusketa ibiltaria izandako zortzi udalerriak: Bilbo, Gasteiz, Donostia, Eibar, Durango, Arrasate, Zarautz eta Tolosa.

Arrasateko Udaleko oposizioak oraintsu kontratazioaren agiria zabaldu du, hau da, Arrasateko Udalaren kontratazio-espedientea, zeinaren arabera Estali La Karpa kontratatu zuen. Agiri horren arabera, kontratazioa martxan jarri zen erakusketa itxi eta handik astebetera. Horren arrazoia litzateke, udal-idazkariak azaldu duenez, Udal Gobernuak Gogorarekin “hitzartuta” zuela Udalak bere gain hartuko zituela erakusketaren lona alokatzeko gastuak. Agiriaren puntu deigarriena da hitzartu egin zela enpresa zehatz bat kontratatzea. “Enpresa kontratatzeko kudeaketa Gogorak hartu zuen bere gain”, dokumentuak azaltzen duenez.

Horren ondorioz, Udal Gobernuak 2016ko abenduaren 15ean “aho batez” erabaki zuen Estali La Karpak “aurkeztutako faktura onartzea”. Garai hartan 18.000€ baino gutxiagoko (BEZ-a barne) kontratazioak zuzenean formaliza zitezkeen.

Gogorak 3.509 € ordaindu zizkion Estali La Karpari, karpari eusten zizkioten kontrapisuak kontratatzeagatik, Arrasateko erakusketarentzat, zuzeneko kontratazio batekin. Era horretako kontratazioa ez zen legezkoa izango bi kontratazioak kontratazio bakarrean egin izan balituzte. Sistema hau erabili zen 2016ko ‘Memoriaren Plaza’ erakusketa guztietan.

Montai taldeak guztira 377 esleipen jaso ditu Eusko Jaurlaritzatik, soilik EAJ-PNVk kudeaturiko alorretatik. 2014tik 2019ra egindako esleipen horietatik guztietatik 366 zuzenekoak izan dira.

Afera honen inguruko azalpenak eman ditu oraintsu Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarrean. Arrasateko Udal Gobernuak adierazpena egin du.